Koronabirusaren uztaileko agerraldiak ez du etenik: Hegoaldean 241 positibo berri hauteman dira asteartean egindako PCR probetan, horietatik EAEn 111 eta Nafarroan 130. Aurreko egunetako beroaldian jarraitzen du COVID-19ak, zeren eta ostiralean 155 kasu berri izan ziren, 256 larunbatean, 165 igandean eta astelehenean 188 berri.
EAEn astelehenean egindako PCR probek 111 positibo berri utzi dituzte (bezperan 90 izan ziren). Honela banatuak:
- Araban 7: Gasteizen 6 eta Laudion 1.
- Bizkaian 67: Ermuan 28 (aste betean 121), Bilbon 14 (107), Barakaldon 5 (22), Basauri eta Lemoan 3, Galdakao eta Portugaleten 2 eta bana Abadiño, Durango, Getxo, Santurtzi, Urduña, Trapagaran, Zaldibar eta Zornotzan.
- Gipuzkoan 37: Eibarren 14 (aste betean 94), Deban 5, Ordizian 4, Aretxabaleta, Orio, Soraluze eta eta Zarautzen 2 (66) eta bana Andoain, Arrasate, Bergara, Donostia (23), Lazkao eta Mutrikun.
COVID-19aren birsortze tasa irudikatzen duen R0 edo Rt tasa gaur 1,71 da (atzo 2,13 zen).
Nafarroako agintariek jakinarazi dutenez, lurralde honetan asteartean 130 positibo berri hauteman dituzte PCR probetan. Santos Indurain Osasun sailburua ahobizarrik gabe mintzatu da: "Kasuak ugaritzen ari dira eten gabe. Uztailaren 18an eduki genituen 40 kasu berri, uztailaren 19an 59, uztailaren 20an 51, uztailaren 21ean 98 eta gaurko egunean 130. Goranzko joera argi eta garbi dago".
Nafarroako kasuen %80 Iruñerrian hauteman dituzte, "famili giroan edo, batik bat, gaueko giroan jende oso gazte eta harreman estuak dauzkaten artean". 130 kasuen erdia 15 eta 30 urte arteko gazteek osatzen dute. Nafarroako Gobernuak Iruñeko Mendillorri auzoa konfinamendu osteko 2. fasera itzularazi du eta bertako 17 eta 28 urteko guztiei egin araziko die PCR proba.