Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatzekoa zen Lander Garro zuzendari errenteriarrak intsumisoen borrokari buruz egin duen dokumentala. Koronabirusari aurre egiteko neurriengatik zine jaialdia ez da osorik egingo, baina antolatzaileek lan hau proiektatzea erabaki dute.
%50eko edukiera muga daukate antzoki eta zine-aretoek eta horrek, filmak eragin duen ikusminarekin batera, eragin du 2 urte, 4 hilabete eta egun bat dokumentala ikusteko sarrerarik ez geratzea jada.
19:00etan proiektatuko dute Lander Garrok zuzendu duen intsumisoei buruzko dokumentala, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak egoera berezi honetan programatu duen hiru emankizunetan azkena –Ibon Casas musikagileari buruzko Apaga la luz y verás dokumental autobiografikoa eta ETAk hil zuen Ernest Lluchi buruzko Ernest Lluch, libre y atrevido izan dira aste honetako beste bi proiekzioak–.
Derrigorrezko soldaduskaren kontra borrokatu zuten sei lagunen historiak kontatzen ditu Garrok zuzendutako dokumentalak. Denak espetxeratu zituzten soldaduskari uko egin izanagatik eta dokumentalaren egileen arabera “denek nahiago izan zuten kartzela ejertzitoa baino”. Hori bai, uko egiteko arrazoien artean, bakoitzarenak oso bereak izan ziren: bakezaletasuna, pentsaera anarkista, abertzaletasuna edo sinesmen erlijiosoak, besteak beste.
“Zergatik sakrifikatuko zenituzke zure bizitzako 2 urte eta 4 hilabete?”, galdetzen dio dokumentalak ikusleari, izan ere, denbora hori pasa zuten kartzelan intsumiso izatea erabaki zutenek. Haien borrokari esker lortu zen Espainiako Estatuan derrigorrezko soldaduska bertan behera geratzea.