argia.eus
INPRIMATU
Asteazkenean epaitu dute Twitterren idazteagatik inputatutako gasteiztarra
  • @ikerbest izeneko erabiltzaile gazteari “irain delitua” leporatzen diote sare sozialetan idatzitako mezuengatik. Fiskaltzak 9.700 euroko isuna eskatzen du.

     

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 17a
Armiarma Operazioaren aurkako kontzentrazioa Gasteizen. Argazkia: Hala Bedi Argazkia: Hala Bedi

Iker Gomez izeneko gazte gasteiztarrak asteazken honetan bertan ekin dio irain delitu bat egozten dion ahozko epaiketari. Fiskaltzak bere aurka egunean 20 euroko isuna eskatu du 16 hilabetez, 9.700 euro guztira.

Twitterreko @ikerbest erabiltzaile gasteiztarrak zitazio judizial bat jaso zuen iragan urrian. Bertan, sare sozialean egindako zenbait adierazpenengatik Arabako Probintzia Auzitegian deklaratzera deitzen zutela jakin ahal izan zuen. Gazteak berak Hala Bedi-ri azaldu zionez, Fiskaltzak jarritako salaketak “gorroto-delituak” eta “erlijio-sentimenduaren aurkako erasoa” jasotzen zituen.

Gaztearen aurkako salaketak erreferentziatzat hartzen dituen txioak "Alde Hemendik" mugimenduarekin lotutako mezuak dira, Espainiako Estatuko indar polizialak Euskal Herritik ateratzearen edo Altsasuko gazteen askatasunaren aldekoak, besteak beste. 2017ko urriaren 1ean Katalunian egindako erreferendumaren osteko karga polizialen aurka mintzatzeagatik ere auziperatu dute.

Gomezek berak salatu zuen kasua Twitterren, eta oihartzun handia izan zuen. Hori dela eta, BGD Abogados taldeak onartu egin zuen Gasteizko gaztearen kasua doan eramatea. Cassandra Veraren kasua eraman zuten abokatu berberak dira, Carrero Blancori buruzko txisteak Twitterren idazteagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu eta zigortu duen lehen pertsonetako bat –Espainiako Auzitegi Gorenak kondena baliogabetu zuen ondoren–.