argia.eus
INPRIMATU
Asteartean etxegabetu nahi dute andre bat Astrabuduan, mailegu-enpresa bati 7.000 euro eskatzeagatik
  • Iruzur baten biktima izan da emakume bat, eta horren ondorioz bota nahi dute bere etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: asteartean, 09:00etan, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian elkarretaratuko dira.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko azaroaren 12a

Etxegabetua izateko arriskuan dago andre bat Astrabuduan (Erandio, Bizkaia). Bertan bizi da duela lau hamarkadatatik, eta iruzur bat dela-eta dago kale gorrian geratzeko arriskuan. Emakumeak azaldu duenez, 7.000 euro eskatu zizkion bere garaian Bilboko mailegu-enpresa bati. Ikaragarrizko interesak ezarri zizkioten mailegu-emaileek, eta bere etxea abal gisa jartzera behartu zuten. Orain, iruzurraren bidez sortutako zorraren ondorioz, etxebizitza kendu nahi diote.

"Gaur nire burua etxebizitzarik gabe ikusten dut, asteartean [azaroaren 12an] etxegabetu egingo bainaute", esan du andreak Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asteburuan argitaratutako bideo batean. Udaleko gizarte-zerbitzuek, gainera, ez diote oraingoz bizitoki alternatibarik ziurtatu: "Etxebizitza sozial bat eskaini zidaten. Gaur larunbata da; ez dago etxebizitzarik, ez dago giltzarik, ez dago kontraturik".

Etxegabetzea gelditzeko deia

"Beste behin, mailegatzaileen milaka euroko irabaziak lehenetsi dira, pertsona baten etxebizitza eskubidearen aurrean", seinalatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Izan ere, ohartarazi du Astrabuduako bizilagun honi ere ez diotela etxegabetzeen kontrako moratoria ezarri, eta egoera okerragotu duela "udal-zerbitzuen utzikeriak": "[Biktimak] Ez ditu eskaintzen zaion etxebizitzaren ezaugarriak ezagutzen, eta ez diote eman horren giltza".

Hain zuzen ere, astearterako dago ezarrita etxe-kaleratzea, eta horri aurre egitera deitu du sindikatuak. Goizeko 09:00etan Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakira bertaratzeko deia zabaldu du, etxebizitza-eskubidearen defentsan. "Negoziorako beste etxe huts bat egon ez dadin, batu etxegabetzea gelditzera", gaineratu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.