argia.eus
INPRIMATU
Gaur goizean ezagutuko da Bateragune auziari buruzko Estrasburgoko epaia
  • Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeak aste honetan emango du Bateragune auziko epaia. Auzitegiak ebatziko du ea Espainiako justiziak bost auzipetuen epaiketa justurako eskubidea urratu zuen.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 05
Bateragune auziko ahozko saioaren une bat. (Arg.: El Diario)

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epailearen aginduz 2009an atxilotu zituzten Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto. Bostei leporatzen zieten legez kanpo utzitako Batasuna birsortzea ETAren aginduz.

2011n epaitu zituzten eta Otegi eta Diezi 10 urteko espetxe zigorra ezarri zieten, eta beste hiruei 8na  urte. Otegiri, halaber, 10 urteko inhabilitazioa ezarri zioten. Horren ondoren, ezin izan zuen aurkeztu 2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara eta, aldaketarik ezean, ezin izango du aurkeztu 2020koetan ere ez.

Hasitako helegite ibilbide luzean, 2012an Espainiako Auzitegi Gorenak bi urtez murriztu zien espetxe zigorra Diez eta Otegiri, ETAko zuzendaritzakoak ez zirelakoan. Hauen zigorra 6 urte eta erdian utzi zuen ta beste hiruena 6 urtean.

Estrasburgo zen hurrengo geldialdia. Jone Goirizelaia Otegiren defentsak aurkeztu zuen helegitea bertan eta hainbat argudio atzera bota bazitzaion ere, defentsa justurako eskubidearena onartu zitzaion. Helegitean, Goirizelaiak argudiatu zuen Otegi epaitu zuen auzitegiko Angela Murillok begiz jota zuela ezker abertzaleko buruzagia eta ez zela aproposa bera epaitzeko. Bateragunekoa baino lehenago izandako Gatza auzian –Jose Maria Sagardui presoaren omenaldi bateko adierazpenengatik epaitu zuten Otegi– Murillok zera galdetu zion Otegiri: “Kondenatzen duzu terrorismoa?”. Otegik ez zuen erantzun eta Murillok zera ihardetsi zion: “Banekien nik ez zeniola erantzungo galdera horri”. Hori dela eta Bateragune auzian Murillok aurreiritziz jokatu zuela iritzi dio Goirizelaiak.

Zuhurtasuna ezker abertzalean

Ez EH Bilduk ez Sortuk ez dute adierazpenik egin Estrasburgoko balizko epaiaz. Oraindik ere oso presente dago presoen espetxe zigorrak bateratzeari buruz Europako Auzitegiak Espainiako justiziari eman berri dion sostengua. Kasu hartan Estrasburgok zigorrak bateratzearen aldeko epaia emango zuela zabaldu zen hainbat aste lehenagotik, baina aurkakoa gertatu zen eta kolpe handia ekarri zuen kaltetutako presoen eremuan.