argia.eus
INPRIMATU
Astean bederatzi preso politiko lekualdatu dituzte eta beste hiruren hurbilketa iragarri
  • Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri dutenez, Fernando Elejalde, Garikoitz Etxeberria eta Iñigo Vallejo hurbilduko dituzte Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko apirilaren 09a
Presoen eskubideen zanpaketaren ikur izan den Herrera de la Manchako espetxea aste honetan geratu da euskal preso politikorik gabe.

Fernando Elejalde Puerto Ietik Mansillara (Leon) lekualdatuko dute. Hala, sakabanaketaren hasieratik espetxe beltzenetakoa izan den Puerto I espetxea euskal preso politiko barik geratuko da. Puerto IIIn oraindik bederatzi daude. Herrera de la Manchako espetxea aste honetan gelditu da euskal preso barik. Garikoitz Etxeberria Sevillatik Dueñasera (Palencia) eraman dute. Eta Iñigo Vallejo Franco Dueñasetik Duesora (Kantabria).

Etxerat presoen senideen elkarteak jakinarazi duenez, hamazazpi preso gaixo larri dira eta haien askatasuna eskatu du, gaixotasun horien behar bezalako tratamendua jaso dezaten, orain bermatuta ez dutena.

Preso gehienak 2. graduan dira jada

Etxeratek bere webgunean jakirazi duenez, honako zortzi preso lekualdatu dituzte aste honetan: Juan Carlos Subijana Izquierdo preso gasteiztarra Leoneko espetxetik (370 km) Basauriko espetxera hurbildu dute; Josune Arriaga Martínez iruindarra Topaseko espetxetik (460 km) Iruñeko espetxera. Ainhoa Barbarin Iurrebaso urretxuarra Zaballako espetxera iritsi da Picassenteko espetxetik (600 km); Basauriko preso Zigor Orbe Sevillano Puerto III-ko (1.020 km) espetxetik Zaballara; Unai López de Okariz López gasteiztarra Darocatik (345 km) Zaballara; Iruñeko Iñaki Etxeberria Martín Topaseko espetxetik (460 km) El Duesora (170 km); Bilboko Jon Mirena San Pedro Blanco Herrera de la Manchatik (640 km) Dueñasera (310 km); Arkaitz Goikoetxea Basabe Algortako presoa Villenatik (700 km) Logroñora (170 km). Eta Gorka Palacios Aldai durangarra Murcia IItik (820 km) Estremarako espetxera (520 km).

Berria-k landutako datuen arabera, 217 euskal preso politiko daude oraindik, 2018tik 117 hurbildu dituzte eta 31 daude Euskal Herriko kartzeletan. Beste datu bat ere onerako aldatu da, ohikoan euskal preso ia guztiak 1. graduan egon badira ere, dagoen gogorrena, orain 57 dira gradu horretan direnak.