argia.eus
INPRIMATU
Astean ezagutuko dira Kataluniako erreferendumaren data eta galdera
  • Aste erabakigarria izango da honakoa erreferendumaren bidean: astearte honetan bilduko da Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionala eta, seguruenik, Generalitateak bihar ezagutaraziko ditu erreferendumaren data eta galdera.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko ekainaren 06a
Kataluniaren erabaki eskubidearen aldeko guztiak biltzen ditu itunak.

Gaur arratsaldean bilduko da Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionala Kataluniako Legebiltzarrean eta, seguruenik, Ignasi Elena plataformako lehendakari eta PSCko parlamentari ohiak bukatutzat emango du bere lana. Horrek, dena den, ez du esan nahi desagertu egingo denik, 500.000 sinadura bildu ditu erreferendumari sostengua emanez eta aurrera begira ere zaintza lanetan geratuko da, behar denean bildu eta subiranismoari babesa emateko.

Bilkuran Kataluniako alderdi independentista eta subiranistak bilduko dira eta ikusgai da En Comú-k zer egingo duen, aldebakarreko erreferenduma sostengatu ala ez. Ada Colauren alderdiak orain arte defenditu du erreferenduma adostua egin behar zela eta ezin bada, horrela izan dadin lan egitea. Hainbaten ustez, ordea –tartean Vicent Partal Vilawebeko zuzendaria– En Comúkoek dagoeneko egin dute hurbilketa bat aldebakarreko erreferendumerantz.

Urriaren 1ean edo 8an

Erreferenduma ordea adostua dago jada eta esaten da Carles Puigdemontek eta CUPek data ere finkatua dutela jada. Seguruenik asteazkenean jakinaraziko dira dataren eguna eta galdera. Gobernua urriaren 1ean edo 8an egitearen aldekoa da, irailaren 24an Bartzelonako patroia den Marcéren jaia delako. Beste iturri batzuen arabera, eguna eta ordua ostiralean jakinaraziko dira.

Galderari dagokionez, “bakarra eta argia” izango dela azpimarratu du sarri Puigdemontek. Esate batera, Aljazeera telebista katean egindako elkarrizketa batean balizkoak izan litezkeen batzuk bota zituen: “Nahi al  duzu Katalunia estatu independentea izatea?” “Nahi al duzu Katalunia errepublika independentea izatea?”. Eta Espainiaren adostasunarekin izatekotan halako zerbait ere izan zitekeela zioen: “Nahi al duzu Kataluniak Espainian jarraitu dezan?”, baina azken horretako moldekoak baztertuak dira jada, joan den astean Madrilek erreferendum adostua guztiz arbuiatu ondoren.

Aste garrantzitsua izango da hau, erreferendumaren data eta galdera ezagutzeaz gain, igandean ANCk, Omniumek eta Independentziaren Aldeko Udalerriek ekitaldi subiranista antolatu dutelako erreferendumari babesa emateko. Generalitatearen aldetik une honetan zalantza bat da nagusi: ea Espainiako Gobernuak indarra erabiliko duen erreferenduma egin ez dadin. Espainiako Gobernuak aspaldi esana du ez dela egingo eta erabili beharreko legezko bitartekoak erabiliko dituela horretarako.