argia.eus
INPRIMATU
Astean 60 ordu, paperik gabe, soldata baxuak: etxeko langile egoiliarren bizimodu gordina datutan
  • %4k baino ez ditu atseden orduak behar bezala betetzen, eta %22k ez du atsedenik aste osoan. Gehiengoa Gizarte Segurantzan izena emanda dago, nahiz eta sinatutako kontratuak ez islatu egindako lana.  

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 30

Bilboko Etxeko Langileen Elkarteak jasotako datuen arabera, etxeko lanak egiten zituzten langileen ia %98a emakumezkoa zen iaz, eta 10etik 2 modu irregularrean zeuden lanean, paperik gabe. Lanaldi osoa den asteko 40 ordu horiek aise gainditzen dituzte etxeko langile egoiliarrek: %75 inguruk astean 60 ordu baino gehiago egiten du lan –%95ak 40 ordu baino gehiago–. Atseden denbora murriztea ekartzen du horrek. Kasik erdiak daude legezko 36 atseden orduen azpitik, eta laurdenak ez du horretarako astirik ere; etxean bertan egiten dute-eta lan.

Bilboko Elkarteak 592 kasu aztertu zituen iaz, eta asteartean eman ditu datuak argitara. Instituzioen jarrera kritikatu dute, etorkinen bizkar baitago zaintza esparrua. Osakidetzarengan ere jarri dute fokua, lanean sortutako gaixotasun eta istripuak onar ditzan: “Esaterako, besoko mina dutela eta lanean pisu handiko pertsona bat mugitzen aritzen direla esan arren osasun agiriak, ez zaie onartzen arazoaren jatorria lanean dagoela”. Horrek baja hartzea eragozten die langileei.

Langileak kontratatzen dituzten agentziei salaketa

Etxeko Langileen Elkartea iaz Eusko Jaurlaritzari zuzendu zitzaion, langileak kontratatzen dituzten agentzien jarduna kontrola zezan. Eskatutakoari “muzin” egin diola leporatu diote orain. Agentzien bidegabekeriak azaltzeko adibide gisa jarri zuten Bilboko Begoña auzoan dagoen Empleadas de Hogar Bilbao. Agentzia hori langile baten bidez ikertu zutela esan zuten: “Kontratatzaileak enpresari ordaintzen zion dirua ez zen langilearengana iristen”. Agentzia auzitara eraman dute, dirua bidegabekeriaz erabiltzeagatik.

Soldata erdia paperik ez dutenentzat

Etxeko langileen %82a atzerritarra da, eta izatez europarrak ez direnen %70ak Espainiako nazionalitatea lortua du. Okerren daudenak, aldiz, paperik ez dutenak dira: ia erdiari 900 euroren bueltan ordaintzen zaio; berezko soldataren erdia. “Egoera zailena da hori langileentzat, onartu ezean ez baitute ezer”, adierazi du Etxeko Langileen Elkarteko bozeramaileak.

Horrez gain, langile egoiliar guztien %37k soldata eskura jasotzen du, ordainketa dokumentua egotea derrigorrezkoa den arren.

Langabezia saririk ere ez dute eskuratzen, jakitun diren arren lana egun batetik bestera galdu dezaketela. Ez dute kalte-ordainik jasotzen: “Zaintzen duten pertsona hil aurreko hilabeteetan zaintzen dute gehien –behar gehiena hor dutelako–, eta hura zendu ondoren, sarritan, lanik gabe geratzen dira”.