argia.eus
INPRIMATU
Iñigo Urkulluk LABIren bilera deitu du ostiralerako, joan-etorriak gehiago mugatzea aztertzeko
  • Nafarroak 15 egun gehiago luzatu ditu indarrean dauden neurri murritzaileak, apirilaren 9ra arte. EAEren kasuan, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuen neurri murritzaileak bere horretan utziko dituztela, baina ustekabean iragarri du ostiralean LABI bilera egingo dutela, neurriak gogortu ala ez erabakitzeko.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 25a
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Argazkia: Irekia.eus

Koronabirus kasuen eragina gorantz doala eta, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak LABIren bilera egingo dutela iragarri du ostegun goizean. Ez zegoen halako bilerarik aurreikusita, neurriak bere horretan jarraituko zutela adierazi baitzuen lehendakariak berak, nahiz eta koronabirusaren datuek gora egin.

Eusko Legebiltzarraren atarian, baina, komunikabideei adierazi die ostiralean 16:30ean bilera egingo dutela azkenean, ikusita kutsadura gorantz doala azken egunetan. Urkulluk esan duenez ez dute baztertzen neurri murriztaile "gogorragoak" hartzea, hala nola udal edo lurralde mailako itxierak egitea joan-etorriak mugatzeko edo establezimenduen ordutegiak gehiago zorroztea.

Nolanahi ere, asteazkenean zabaldu bazen ere Etxeratze agindua eta beharrezkoak ez diren jardueren bukaera 20:00etara aurreratzea proposatuko zela, Espainiako Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluak Aste Santuko plana mantentzea erabaki du. 

Nafarroan ere, Aste Santuko oporrak igaro arte luzatu arren indarrean dauden neurriak, datuak nabarmen igoz gero ez dute baztertzen neurriak zorroztea. Adibidez, intzidentzia altua duten herriak ixtea. Datu epidemiologikoak egunero aztertuko dira, behar izanez gero neurriak murrizteko helburuarekin.

Nafarroako kasuan indarrean dagoen araudiaren arabera, lau pertsonako muga dago leku itxietan eta seikoa irekietan. Bizikidetza-unitatera mugatzen dira elkartze pribatuak eta etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara bitartekoa da. Nafarroak itxita jarraituko du. EAEn aldiz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik ibili daiteke oraingoz. Gehienez lau pertsonako taldeak elkartu daitezke eta elkartze pribatuak ere bizikidetza-unitatera mugatuko dira. Etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara dago ezarria.