argia.eus
INPRIMATU
Aste Gorria egingo dute otsailaren 27tik martxoaren 3ra, Gasteizko ikasle mugimenduak deituta
  • 1976ko martxoaren 3aren oroimen historikoa bultzatu nahi dute ekimenarekin. Unibertsitate, lanbide heziketa eta ertainetako ikasleek elkarlanean prestatu dute egitaraua, eta martxoan LOMCEren aurkako grebara ere deitu dute.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko otsailaren 27a

1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertaturiko istilu eta heriotzen oroimen historikoa mantentzeko Aste Gorria egingo dute Gasteizko ikasle mugimendukoek antolatua, otsailaren 27tik martxoaren 3ra. "Klase ikuspegia duen" formakuntza sustatu nahiko lukete egitarauaren bidez. 

Bestalde, martxoan ikasle greba egitera dei egin dute ikasle mugimenduko kideek. 

Ikasle mugimenduaren oharra eta egitaraua: 

Irakurketarekin hasi aurretik, Gasteizko ikasle mugimenduaren izenean, herenegun gauean San Mameseko unibertsitatean herri unibertsitatea burutzen hari zirela desalojatu eta identifikatu zituzten ikasleei elkartasuna! EHU burgesiaren morroi! 

Besterik gabe, Gasteizko ikasleok honako kontu hauen berri emateko bildu gara gaur: Ikasle mugimendu desberdinak batu egin garela, eta hurrengo astean komunean antolaturiko lehenengo plangintza eramango dugula aurrera. 

Jasaten ditugun zapalkuntza anitzei aurre egitera bidean pausu beharrezkoa zen Gasteizko ikasleon batura. Horregatik, Unibertsitateetako, Lanbide Heziketa zentroetako eta Institutu desberdinetako ikasle mugimenduak batu gara, egoerari erantzun bateratu bat emateko asmoz. Hurrengo hilabeteetan zenbait mobilizazio aurrera eramatea da helburua.

Horietako lehena da gaur prentsaurreko honen bidez aurkeztu nahi duguna: Otsailaren 27tik Martxoaren 3ra luzatuko den ASTE GORRIA. 1976ko Martxoak 3ko gertakizunen memoriaren harira, aste osoan zehar klase ikuspegia oinarri duen formakuntza sustatu nahi dugu ikasleriaren artean. Ikasleok, langile klaseko parte garen heinean klase kontzientziaren beharraz jakitun gara, horrez gain kontzientzia hori gure artean antolaturik aurrera eraman beharra dugula ere badakigu. Lehen eskutik baitakigu lan hori zailtzeko helburua duen, hezkuntza sistema honek, ideologia burgesaz alienatzen gaituela une oro. Horretarako, Gasteizko ikastetxetan zenbait hitzaldi eta proiekzio bermatu ditugu, eta Martxoaren 1an Eskola Gorria deitu dugu Auzolana Pilotalekuan. ASTE GORRIAk Martxoaren 3an bertan izango du amaiera, 1976ko gertakizunen ondorioz hildako langileak omentzeko prestatu dugun Ekitaldian. Hau goizeko 11etan izango da Gasteizko unibertsitateetan. 

Bestalde, esan behar da, beste ekimen bateratu bezala martxoko greba izango dugula. Aurten gainera langile klasearentzat urte berezia dela ikusita (LOMCE-ren aplikazioaren urtea delako) ikasle batasunez arazo honi lehentasunez erantzun behar diogula irduditzen zaigu, honek aurrera begira ondorio larriagoak ekarriko baitio langile klaseari. Beraz, epe luzeko helburua zein den garbi izanda (herritik eta herriarentzako hezkuntza), martxoan kaleak erreforma burges honen aurka bete beharra ditugula ikusten dugu. 

Hau dena esanda, ikasleriari ASTE GORRIko ekintza desberdinetan eta martxoko greban parte hartzeko deialdia egin nahi diogu, soilik gure indarrak batuz lortuko baitugu oroimenetik garaipenera igarotzea. 

Gora Ikasle Mugimendua! Gora ikasle eta langile borroka! 

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra