Erresuma Batuko Barne ministro Priti Patelek argi berdea eman dio Julian Assangeren estradizioari. Iragan martxoaren 14an eman zuen estradiziorako baimena herrialdeko Auzitegi Gorenak, baina orain heldu den gobernuaren iritzia falta zen.
Wikileakseko sortzailea 2019tik dago preso Erresuma Batuan, Polizia britainiarra Ekuadorko enbaxadan sartu eta atxilo hartu zuenetik. Enbaxadan zegoen babes hartuta 2012an Suediak haren aurkako atxiloketa agindua eman zuenetik. Orain Assangeren abokatu taldeak Auzitegi Handira joko du, Ingalaterrako auzitegi gorenera.
Auziaren azken aurreko bira Assangeren aurkakoa izan da, baina ez da beti hala izan, lehen epaiketan lehen auzialdiko epaitegi batek estradizioa ukatu baitzuen, AEBetan presoaren bizitza arriskuan egongo zela argudiatuz. Ondoren, Londreseko Apelazio Auzitegiak atzera bota zuen ebazpena, AEBek Assangeren osasuna bermatuko zutela segurtatu ondoren. Amnesty Internationalen ustez, hala ere, "dauden aurrekariekin berme horiek ez dira oso sinesgarriak".
Wikileaksek adierazi duenez, gaurkoa "egun tristea da adierazpen askatasuna eta demokrazia britainiarrarentzat" eta "Patel ministroa beti gogoratuko dugu AEBen konplize moduan ikerketa kazetaritza kriminalizatzeko lanean".
Bizitza osorako kartzela arriskua
Wikileaksek 2010ean AEBetako milaka agiri militar eta diplomatiko argitaratu zituen, eta horregatik agintari estatubatuarrek Espioitza Legea bortxatu izana leporatzen diote Assangeri. Iruzurra eta abusu informatikoa ere akusazioen artean dira. Ondorioz, 175 urteko kartzela zigorra jaso dezake.
Assangeren osasun egoera larria da Ekuadorreko enbaxadan babestu zenetik eta egoera txartu egin zaio espetxean. Bere defentsak argudiatzen du estradizioak Assangeren bizitza arriskuan jartzen duela. Erresuma Batuko Barne ministerioak, aldiz, ez du horretarako arriskurik ikusten.
Kazetaritzaren aurkako erasoa
Mundu osoko kazetaritza erakunde garrantzitsuenek lanbidearen aurkako erasotzat jo dute Assangeren aurkako AEBen tematzea, funtsean ikerketa kazetaritza lana zigortu nahi dela iritziz. 2017an argitaratu genuen elkarrizketan, Nils Melzer NBEko torturaren inguruko kontalari bereziak ere gogor salatu zuen auzia, eta haren klabe garrantzitsuenak eskaini zituen. Elkarrizketa klabea da auziaren nondik norakoak ulertu nahi dituenarentzat.