argia.eus
INPRIMATU
“Asperdurari aurre egiteko ere, tiro egiten diegu palestinarrei”, aitortu dute soldadu israeldarrek
  • Gazatik itzulitako soldaduek aitortu dute bertan ez dagoela tiro egiteko irizpiderik. Armada sionistak nahieran egiten du tiro, etxeak erre eta gorpuak lurrean botata utzi, guztia komandanteen onespenarekin.

Jon Hidalgo Gereñu 2024ko uztailaren 11
Argazkia: IDF

Israelgo +972 eta Local Call hedabideekin hitz egin dute Gazan aktibo egotetik itzuli berri diren sei soldaduk, eta palestinar lekukoen eta medikuen genozidioko testigantzak egiaztatu dituzte hauek. Soldaduek jakinarazi dute palestinarrei nahieran tiro egiteko baimena jaso dutela, baita zibilei ere. Palestinarren etxeak okupatu ostean su emateko politika sistematikoa dagoela ohartarazi dute. Armada sionistak 38.295 palestinar hil eta 88.241 zauritu ditu, gutxienez, urriaren 7tik hona, baina hildakoak askoz gehiago izatea aurreikusten da.

Hildako palestinarren gorpuz betetako paisaia deskribatu dute soldadu sionistek, eta aitortu kalean abandonatu izan dituztela, animaliek jan zitzaten. Israelgo armadak “gorpuak ezkutatzen zituen”, soilik laguntza humanitarioaren konboiak heltzekoak zirenean, “usteldutako gorpuen irudiak ez zitezen kanpora atera”.

Soldaduek “ekintzarako askatasun osoa” dutela adierazi dute iturriek, “inongo araurik gabe”. Mehatxu sentsazio txikienaren aurrean “ez dago azalpenik eman beharrik, tiro egin eta kito”. Edozeini egin diezaiokete tiro, soldaduen esanetan, “neskatila gazte bat, adineko emakume bat, berdin du”. Palestinar zibilak eta erresistentzia palestinarreko borrokalariak bereizteko zailtasunen aurrean, edozeini egiten diote eraso. “16 eta 50 urte arteko gizon guztiak terroristatzat hartzen ditugu”. Azaldu dutenez, debekatuta dago kaletik ibiltzea, eta kanpoan dagoen edonor da susmagarria. “Norbait ikusten baduzu leihotik begira, susmagarria da, eta tiro egiten diozu”.

Soldaduek aitortu dute nahieran tiro egin ahal izateak aukera eman diela asperdurari aurre egiteko, “eguneroko errutinatik” ateratzeko. “Ekintza normal” izendatzen dira horrelako tiroketak, eta soldaduek jakinarazi dute hori kode-izendapena dela, benetan esan nahi duena da “aspertuta nago, beraz tiro egiten dut”. Ekintza guztiak baimentzen dituzte komandanteek.

Tirokatzeko irizpiderik eza
+972 hedabidearen arabera, Israelgo armadak 1980tik ez du publiko egin tiro egiteko irizpiderik, nahiz eta Israelgo Justizia Auzitegiak hainbatetan eskatu dion. Yagil Levy soziologo eta politologo israeldarraren esanetan, bigarren intifadatik armadak ez die idatzizko araurik eman soldaduei, eta interpretazioa zabalik uzten du lurrean dauden soldadu eta komandanteentzako.

Orain hitz egin duten soldadu sionistek adierazi dute irizpideen malgutasunak ekarri duela, milaka palestinar hiltzeaz gain, oso altua izatea “alderdi berekoen suak” hildako soldadu israeldarren kopurua.