argia.eus
INPRIMATU
Israelek 26 aldiz hautsi du su-etenean adostua eta atxilotuek torturak salatu dituzte
Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 18a
Palestinako emakumea, Israelek atxilotutako senideak askatzeko eskatzen irailaren 8ko protesta batean (Mohammed Asad / APA images)

Israelek ez du oraindik Gazaren gaineko legez kanpoko blokeoa bertan behera utzi, su-etenaren baldintzek ezartzen zuten arabera. Gainera, arrantzaleei lau alditan tiro egin die, eta sei arrantzale atxilotu dituzte. Su-etena hitzartu zutenetik 16 eta 22 urteko bi gazte hil dituzte.

Kalte materialak eragiten jarraitzen du Israelek, batez ere eraikinak eta etxeak suntsituz, eta, ondorioz, familiak etxerik gabe utziz. Gazara eramateko hornikuntzak gordetzen ziren etxe bat ere suntsitu dute.

Atxiloketak eta torturak

Gazako azken erasoa hasi zenetik atxilotutako palestinarren artean 24k oraindik atxiloturik jarraitzen dute. Askok torturak salatu dituzte, Issam Younis Gazako Al Mezan Giza Eskubideen aldeko zentroaren zuzendariak The Electronic Intifada guneari jakinarazi dionez .

Salatu dituzten torturak dira, besteak beste: jipoiak, hiru egunez lo egitea galaraztea eta posizio mingarrietan bilurtzea. “Euren etxeak suntsitu, senideak hil eta emazteak bortxatuko dituztela esanez ere mehatxatu ditu Israelek”, gehitu du Younisek.

Gazako erasoaldiak iraun duen bitartean Israelek 2.500 palestinar inguru atxilotu ditu, eta ez du hauei buruzko ia informaziorik eman. 2005etik Israel Borrokalari Ilegalen Legeaz (atxiloketa administratiboa) baliatu da palestinarrak kargurik eta epaiketarik gabe denbora zehaztugabez atxilotzeko.