Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea doakoa izango da, “sarbide unibertsala” aldarrikatzen dutenez gero, baina itxita dago izen-ematea. Egunero 150 pertsona inguru batzea aurreikusten dute antolatzaileek. Larunbateko egitaraua irekia izango da.
Ekidako kide den Paul Beitiarekin hitz egin du ARGIAk.
Ez dira maiz ikusten horrelako jardunaldi-eskolak.
Bakana da, baita ere, ikuspuntu erabat borondatezko eta militante batetik egingo delako. Doakoa izango da, ahal eta nahi duena etor dadin, kalitatezko formazioa jasotzera. Jardunaldi politizatuak izango dira, eta hori ere ez da ohikoa. Udal batek edo EHUk antolatzen badu ez dakit zer, ustezko “neutraltasun” batetik egiten ari da; bada, guk hasieratik diogu ikuspuntu politiko batetik landuko dugula materia.
Era berean uste dut jendea animatzeko arrazoia ere badela. Ez dira soilik etorriko bokazio profesional-artistikoa dutenak, edo profesionalki lanean ari direnak. Baizik eta ikasteko okasioa izango da nahi duen ororentzako. Eta sinbolikoki bada ere garrantzia du Donostiako Zentro Sozialistan egiteak, Tabakaleraren eta Dabadabaren tartean, kultur ereduen talkan.
Zer funtzio bete nahi dute eskola hauek?
Ekidaren printzipio nagusietako bat da arterako, artea orokorrean ulertuta, eta kasu honetan formaziorako, sarbide unibertsala ematea. Eta unibertsala den heinean, doakoa. Sozializatzeko grinaren ideia horri dago lotuta. Printzipio gisa hartzen dugu. Eskola hauek doan ipini ditugu, baina muntatu ditugun ikuskizun guztiak ere doan izan dira, antzerki obrak eta abarrak.
Sarri esaten da arterako sarbidea unibertsala dela, demokratizaturik dagoela, edota horretan sakondu behar dela. Baina era berean, zentzu batean, polarizatuta ere badago. Sarbidea ez da denentzat berdina, batez ere formazioan.
Zein puntura arte edo nola kontrajartzen da zuen eskaintza, doakoa dena, artearen eta kulturaren bueltan eraikita dagoen egitura ekonomikoarekin?
Dagoen eredua errotik da gurearen kontrakoa, kapitalismoaren harian doalako. Hitzetik hortzera dabilen kontua da nola eredu monopolista bat gailentzen ari den, zeina erabat instituzionalizatuta dagoen. Erakundeetatik eramaten dira arte proiektu gehien-gehienak, eta horrek ondorio ideologiko handiak ditu. Ikusten ari gara ere artea produzitzeko, eta ondorioz kontsumitzeko, eredua nola ari den enpresa handi batzuen eskuetan gordetzen, gizarteko beste esparruetan bezalaxe.
Kulturaren eta artistaren profesionalizatzeko premiaz hitz egiten da asko.
Kultura profesionalizatuta dago aspalditik. Artista ja ez da plaza erdian espontaneoki bertsoa botatzen duena, edo lanean dabilen bitartean kantatzen duena, ezta bere ohiko bizimoduari uko egiten diona ere. Artista langilea da aspalditik. Hori da artista modernoaren figura. Artistak merkaturako sortzen du, eta, ondorioz, soldatapeko langilea da. Hori bai, oso errotuta eta orokortuta dago prekarietatea, Euskal Herrian zer esanik ez. Eta horren aurkako borroka ezinbestekoa da.
Artearen profesionalizazioa kapitalismoaren ondorioa baldin bada, kapitalismoaren garapenak eramaten gaitu ereduaz aipatzen genuen horretara. Egoera horrek eragiten du kalitatezko arte kontsumo batera sarbidea ez edukitzea jende batek, edo formazio saioetara, edota artistak behartuta egotea beraien arte proiektuak proiektu enpresarial edo ekonomiko gisa ulertzera.
Eredu baten ondorio da hori guztia, bere ertz guztiekin. Guk, justu, bestelako eredu bat jarri nahi dugu mahai gainean, ideia sozialistei loturik doana; alegia, kapitalismoaren gaindipenari lotuta doana. Hor ikusten dugu aukera artistek beraien lana ondo eta baldintza onetan egiteko, sarbidea unibertsala izanda, arte produkzioa doakoa eta formakuntza ere bai. Eredu bat jarri nahi dugu mahai gainean, gaur egun orokortu ezingo dena, baina proposamena egitera gatoz.
" Eredu bat jarri nahi dugu mahai gainean, gaur egun orokortu ezingo dena, baina proposamena egitera gatoz"
Ez dizuete gutxitan galdetuko: doan antolatzeko, finantzazioa nola?
Autofinantzatu egiten gara. Oso baliabide ekonomiko gutxirekin, ahal den neurrian, aurrera ateratzeko apustua egin dugu. Borondatea dagoenean egin daitezke gauzak, jende askoren lanarekin. Kultura hori oso desprestigiatuta dago. Eta diot, ezer leporatu gabe profesionalizazioari, baina lan militantea ezin du desprestigiatu profesionalizazioaren aldeko diskurtso batek. Are gutxiago diskurtso hori akritikoa bada, ez badu eredua bera, bere ondorio guztiekin, zalantzan jartzen.
Bi programa paralelo izango ditu arte eskolak. Bata arte eszenikoari lotua, eta antzerkia nabarmentzen duzue horretan; eta arte bisuala eta muralismoa bestea.
Erabat lotuta daude Ekidaren jardunari, martxan dauden bi lan lerro baitira. Horietan dabiltzan kideek antolatu dituzte jardunaldiok, eta eskolaren lehen funtzio zuzena horixe da, gure kideak formatzea. Baina horrez gain, iruditzen zaigu gauza bat baino gehiago lantzeko bi arte diziplina interesgarri direla. Arte eszenikoaren barruan, antzerkiaz gain, testugintza ere landuko da, eta antzerki politikoari dagozkion irakurketa historiko batzuk ere egingo dira, besteak beste. Muralismokoan, berriz, barnebiltzen da arte plastikoetatik datorren jendea, diseinutik, pinturatik... Jende askorentzat da.
Euskal Herritik kanpoko jendea ere badator jardunaldietara, hizlari zein publiko.
Nahiz arteaz ideia zehatz bat daukagun guk, saiatu gara dei bat egiten Euskal Herrian lan handia egiten ari den jendeari, haiengandik badugulako zer ikasi. Guk, Ekidatik, arte produkzio guztia antolatzen dugu zentzu politiko batetik. Baina hortik kanpo dabilena ere, politikaren beste ulerkera batekin inkluso, baliagarri izan daiteke ikasketarako. Ulertzen dugu dagoen jakintza artistiko guztia zaigula baliagarri funtzio politikorako, eta asko dagoela ikasteko.
Gonbidatuen artean, Matxalen de Pedro arte eszenikoetako zuzendaria etorriko da, bere borondate guztiarekin, jakintza partekatzera. Baita Oier Guillan ere. Erabat beraienetik hitz egingo dute, guk ez diegu inolako jarraibiderik eman. Esan diegu zertarako muntatu dugun hau, eta haiei espazioa emango diegu nahi dutena egiteko.
Jakintza kolektibizatzeko asmo argia, beraz.
Bai, bai. Asmo politikoak berak ematen dio zentzua kolektibizatzeari. Jakintza artistikoa baldin bada norberak beretik lortu duena, norberak erabiliko du baterako edo besterako; baina hori kolektibizatu eta zentzu politiko bat ematen bazaio, zentzu politiko batu bat, uste dut horrek beste indar bat hartzen duela. Ez bakarrik sozializatzeko bidea ematen delako, baizik eta borondate politiko batekin konektatzen duelako eta zentzu indartsua hartzen duelako teknika artistiko guztiak; ez dela norbanako batentzako bakarrik, baizik eta kolektiboarentzako arma bat.
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Otsailaren 23an abiatu ginen Zaragozara (Aragoi) lagun bat eta biok. Bera Haur Hezkuntzako maistra eta ni literatur dinamizatzailea. Album! elkarteak (haur eta gazte literatura argitaratzen duten argitaletxe independenteak biltzen dituen egitura) antolatutako ikastaroak gure... [+]
Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]
Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela.
Askotariko diziplina artistikoetan aritua, sona handikoa bai Euskal Herrian eta bai nazioartean, sortzez Alkizakoa zen semea igande honetan hil da bihotzekoak jota. Ur-Mara museoaren sortzaileetako bat izan zen, Thoreau espazioaren sorreran ere aritu zen eta Dantza filmean egin... [+]