Ile apaindegietako eta irudi pertsonaleko profesionalek sektorearentzako BEZ murriztua eskatzen dute, zehazki, %21etik %10era jaisteko eskatu dute. Horietako bat da Irune Reguero Zizurkilgo ile apaintzailea.
Zizurkilen dagoen Islada ile apaindegia irekitzerako %21eko BEZa zegoen ezarrita. Irune Reguerorena da ile apaindegia, eta «beharrezko zerbitzua» eskaintzen dutenez, BEZ murriztua eskatzen du berak ere.
Ezinbesteko zerbitzua da zuek eskaintzen duzuena?
Bai, noski. Esaterako, adineko askok ezin izaten dute haien burua etxeetan garbitu, beraz ile apaindegira etorri behar izaten dute astean behin edo. Beharrezkoa dela esango nuke, bezeroak ere beharra dutela esanaz etortzen dira maiz. Konfinamenduan sufritu egin dugu, eta deseskalada hasi zenetik nabarmen geratu da ezinbestekoa zela.
BEZa murrizteak sekulako aldaketa eragingo lizueke?
Fakturak ordaintzeko behintzat alde ederra izango genuke. Daukagun presio fiskala ikaragarria da, askotan, egiten dugunak fakturak eta zergak ordaindu ahal izateko soilik ematen du; autonomoen faktura, lokalarena, BEZa, produktuak... Askotan pentsatzen dut: begira zenbat jenderi ilea moztu behar izan diodan, hori guztia ordaindu ahal izateko.
Hamar ile apaindegitatik seik ezingo dute iraun sei hilabete baino gehiago. Zer pasatzen zaizu burutik?
Normala iruditzen zait. Sei hilabetera begiratzea urrunera begiratzea da, izan ere, gaur egun hilabeteak pasatzea misterioa da. Gobernuak azken urteetan irabazi milioidunak izaten dituzten enpresa erraldoiei eta bankuei laguntzak eman dizkiete, eta hala ere, langileak kaleratu dituzte. Eta negozio txikioi berriz, oztopoak besterik ez dizkigute jarri.
Zuen sektorea nola ikusten duzu momentu honetan?
Zapalduta gaude orain ere, horrela jarraitzen dugun. Montoro jaunak 2012an BEZa %21era igo zigunetik itota gabiltza.
Zure establezimenduari dagokionez, ze neurri hartu behar izan dituzu?
Garbiketako produktuak erosi behar izan ditut, besteak beste. Erabilera bakarreko materiala erosi behar izan dut, eta hori gero fakturan ederki nabaritzen da, gure kontutik baitoa dena. Eta bestalde, bezero batetik bestera denbora tarte bat hartu behar izaten dut garbitasunerako eta materialak desinfektatzeko. Zortez, bakarrik egiten dut lan, eta ez zait kontua gehiegi aldatu jende pilaketei dagokienez. Beti egin izan dut lan bezero batekin bukatzen dudanean bestea hartuz. Beraz, nire ile apaindegian ez dira inoiz bi edo hiru lagun baino egon. Orain bakarka hartzen ditut eta beste bezeroa sartu arte 20 minutu igarotzen dira. Kontua da, lehengo diru kopuru bera lortu ahal izateko orain ordu gehiago sartu behar izaten ditugula.
Konfinamenduan denbora tarte batean itxita ere eduki duzue.
Bi hilabete oso, bai. Hor, adibidez, autonomo izateagatik ordaintzen duguna hasiera batean kendu egin ziguten, baina ondoren zatika itzuli ziguten. Diru laguntzak ere jaso ditugu, baina ia abuztuan iritsi zaizkigu. Aurreztuta genuenetik tira behar izan dugu askok, baina egunean egunekoarekin bizi denak ez du ederki pasa, zeren, lokala, argia eta gainerakoak berdin-berdin ordaindu behar izan ditugu. Eta lanera bueltatu behar izan dugunean diru gehiago jarriz egin dugu, material berezia eta garbitasunekoa erosi ahal izateko.