argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak
Asko maite zaituztet, baina...
Behe Banda 2024ko abenduaren 23a
Behe Banda

Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea. Ez dut maite jende inpuntuala. Ez dut maite apropos altu hitz egiten duen jendea. Ez eta metroan hankak zabal-zabalik esertzen den jendea ere (bueno, gizonak). Agurtzen ez duen jendea. Ateari eusten ez diona ere ez. Ez dut maite ordenagailuaren teklak gogorregi sakatzen dituen jendea. Jakin gabe hitz egiten duen jendea. Parrandan komunera laguntzen ez zaituena. WhatsAppean poliki, ooooso poliki idazten duen jendea (animo zuoi).

Gauza txikiengatik urduritzen naiz, nahiz eta horrelako jendea ere ez dudan asko maite. Barkatu, ez dut nahita egiten.

Azkenaldi honetan bereziki urduritzen naute gauza txikienek; ez dakit, ez nabil bereziki umore onean. Umeak harrotuta dabiltza kalean, korrika eta oihuka; Stradivariuseko lentejuela horidun soinekoek begiko mina ematen didate goizero, klasera noala; Aita Noelen panpina eta marrazkiak baino ez daude dendetan; egunero ikusi behar izaten dut El Corte Ingles argi zuri eta berdez estalita, oso itsusi, bide batez, eta atzo heldu zitzaidan telefonora jakinarazpen bat: “Ahizparen lagun ezkutuko oparia”. Mierda, Gabonak.

Nik ere izan nahi nuke kapaz Gabonak erromantizatzeko; erromantizatu edo, behintzat, gustatzen zaizkidala performatzekoa

Nik ere izan nahi nuke kapaz Gabonak erromantizatzeko; erromantizatu edo, behintzat, gustatzen zaizkidala performatzeko. Baina liburutegian sartuta pasako ditugu Gabon bero, polit eta superguai hauek ere. Lehengo igandean jarri genuen zuhaitza etxean. Durangoko Azokan erositako Izaroren disko berriak animatu ninduen une batez, baina orduan ere jakinarazpen bat heldu zitzaidan: “June, entregatu duzu lite?”. Toma.

Ez dakit noiz utzi nion Gabonak maitatzeari; Olentzerori atea itxi eta munduari begira jartzen hasi nintzenean, akaso. Batek daki. Baina Gabonetan behar omen da jendea maitatu eta zaindu, batera gaudela ospatu, eta munduko pertsonarik zoriontsuena bezala instahistoriak eta BeRealak igo. Baina Gabonetan bakarrik, e! Urteak dituen beste 300 egunetan ez dut oroituko zer ikasten duzun ere.

Bihar izango da, halere, egunik politenetakoa niretzat; hala izan beharko du. Abenduak 24 baita, aitzakiarik gabe, maite dudan jendearen ondora goxo hurbil naitekeen eguna: aterkia bereziki gaizki partekatzen dutenengana, azkarregi, polikiegi ibiltzen direnengana, pasilloaren aldean esertzen direnengana, beti berandu heltzen direnengana edo altu, oso altu hitz egiten dutenengana. Berez pila-pila-pila bat maite baitzaituztet. Aguantatu? Tias, ba ez beti.