argia.eus
INPRIMATU
“Asko gara eszenatokira igo nahi dugun neskak, ateratzeko zain gaudenak”
  • Euskal musika eszenaz eta genero harremanekin duen loturaz aritu dira topatu eta Klitto atariak  Izaro Andres Zelaieta (Izaro), Ane Bastida Saiz (Hesian, Lauroba…) Onintza Rojas Olazabal (Koban), eta Olatz Salvador Zaldua (Skakeitan, Olatz Salvador) musikariekin.

Xalba Ramirez @xalbaram Topatu.eus @topatu_eus Klitto! atari digitala @KlittoDigitala 2017ko ekainaren 15
Izaro Andres Zelaieta

Gasteizko Azkena Rock, BBK live edo Hatortxu Rock jaialdian dauden emakume musikari kopuru baxuagatik polemika sortu zen arren, musika eszena parekidea ikusgarritasunaz harago dagoela diote. Hala ere lagin horrek berdintasunetik oso urrun gaudela erakusten dutela adierazi dute bi atariek elkarrekin ateratako oharrean.

Jarraian, elkarrizketako aipu interesgarrienak batu ditugu:

Oholtzara emakume gutxiago igotzearen arrazoiez

“Gizon izate hutsagatik pribilejio ugari ematen zaie mutilei. Zergatik ez gara emakumeak oholtza zapaltzera hausartzen? Askotan gertatu zait jendeak pentsatzea taldeko baten bikotekidea naizela, adibidez. Zergatik? Eszenatoki bueltan denak mutilak direlako, eta inertziaz nahigabe denak mutilak direla pentsatzen dugulako.” (Olatz Salvador)

“Askoz neska musikari gehiago daude oholtza kanpoan bertan baino. Zergatik? Ez dakit baina mutil talde asko daude, ondo jo gabe animatzen direnak. Zenbat mutil ikusi dituzu gaizki abesten? Galdetu zidaten, eta asko izan dira. Baina neska bat gaizki abesten? Sekula ez. Izan ere, mutilei baimentzen zaie akatsak egitea, baina neskoi ez. Eta ikuspegi hori aldatzean  aterako da neska talde mordoa. Asko garelako eszenatokira igo nahi dugun neskak, ateratzeko zain gaudenak”. (Izaro Andres)

“Neska izateagatik ez dago preferentziarik, eta hemen bagaude gure lanagatik da, eta merezi dugulako. Eta hori sinetsi behar dugu”. (Ane Bastida)

Onintza Rojas Olazabal

Emakume izate hutsagatik jasotako kritikez

“Publikoak gure musikaz gain gu ere baloratzen gaitu, eta gure inseguridadeak handitzen dira. Ahalduntzea egin behar izan dugu horrenbeste jendek gutaz esango duenaz ez hainbeste pentsatzeko. Baina errealitatea da ez dela kontzertu bakarra egon taldean neska gehiago garela gogorarazi ez digutena. Musikaria zara, baina lehenago emakumea, eta uneoro gogorarazten dizute”. (Onintza Rojas)

“Nire taldeko mutilek jasotzen ez dituzten kritikak jasotzen ditut nik, ez soilik musika ikuspegitik: ze ile kolore, nola noan jantzita... bestelako kritika ugarai entzun behar izan ditugu”. (Ane Bastida)

“Eszenatoki batera emakume bezala igotzen zaren momentuan, epaiketa musikal bat dago, alde batetik, baina bestetik beti dago epaiketa sexuala, beti: nola zoazen jantzita… Eta nire taldekide mutilek horrelakoak ez dituzte jasan behar. Eskubidea dugu eszenatoki batean egon eta nahi dugun bezala egoteko: polita, itsusi, ondo edo gaizki jotzen”. (Izaro Andres)

Ane Bastida Saiz
Olatz Salvador zaldua

 

Eszena eta jarrera maskulinoez

“Estilo asko oraindik ez ditugu jorratu eta talde punkyen eredua jarraitzen dugu, beraien patroiak. Maskulinizatu behar izan dugu askotan eszenan sartzeko Musika egiteko era femeninoago bat behar dugu”. (Olatz Salvador)

“Jarrera maskulinoagoak hartzera behartuta sentitu naiz. Normala da, batzuetan 16 laguneko lantaldean neska bakarra ni izan naiz eta. Une oso deserosoak bizi izan ditugu”.(Izaro Andres)

“Arazoa hala ere ez da emakume edo gizon izatea bakarrik, gune askeak beharrezkoak dira norman sartzen ez diren gorputz horiek guztientzat. Eta espazio guztiak askatu behar ditugu, bai. Baina bitartean beharrezkoa da gune aske batzuk bada ere sortzea”. (Onintza Rojas)

Eredu eta erreferente faltaz

“Abesten diren gauza gehienak mutilek idatziak dira. Emakumeen bizipenak ez daude oholtzetan. Nik neuk, musika sortzen duten emakumeak bilatu behar izan nituen, bestela oso bakarrik sentituko nintzateke”. (Olatz Salvador)

“Belakoko Krisen artikuluarekin bat egiten dut. Ni ez naiz igotzen eszenatokira ezer aldarrikatzera, musika egitera baizik. Baina egia da erreferenteak behar direla, eta gure ardura ere badela hori. Oholtzak hartu behar ditugula kontziente egin behar gara. Asko gara eszenatokira igo nahi dugun neskak, ateratzeko zain gaudenak”. (Izaro Andres)

“Guk ez badugu gure bidea egiten, ez digute lekurik utziko. Gu animatu behar gara”. (Ane Bastida)