argia.eus
INPRIMATU
Aski Da mugimendua Irungo Udalarekin bildu da: hizkuntza politika berri baten lehen urratsak?
  • Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak kontuan izango dituen eta erabakietan horien parte-hartzea bermatuko duen hizkuntza plana eskatzeko. Horretara konprometitu da Udala.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko otsailaren 13a
Alde bakarreko hizkuntza politikaren ordez, herri eragileekin batera egindako hizkuntza plana eskatu dute elkarteek. Irungo Udala

Euskara baztertu zuen abenduko ekitaldiak txinparta piztu zuen: herritar askok salatu zuen gertaturikoa eta 35 elkartek bat egin zuten (auzo elkarteak, guraso elkarteak, euskal kultur taldeak, gizarte eragileak, kirol elkarteak) udalari eskatzeko “behingoz euskaldunoi muzin egiteari utz diezaiola”. PSOEren udal gobernuak barkamena eskatu zuen publikoki, ekitaldian euskarak izandako “presentzia eskasarengatik”, eta gertaturikoaz hitz egiteko aste horretan bertan bilerara deitu zituen elkarte sinatzaileak, beste hainbat eragilerekin batera.

Aldiz, beste norabide bat hartu zuen aferak: elkarteek bilera atzeratu zuten. Adierazi zuten ekitaldian jazotakoa ez zela zerbait puntuala izan, “urtetan luzatutako egoera orokorrago” baten isla zela, euskarak Irungo udal gobernuaren aldetik jasotzen duen tratuaren isla, eta gaiari sakon eta patxadaz heldu behar zitzaiola, horregatik denbora behar zela hitz egin beharrekoak prestatzeko. Bada, iritsi da eguna, eta asteazken honetan izan dute bilera elkarteek eta udal gobernuak.

Gabonetatik hona, beharrak identifikatu eta mezua adosteko baliatu dute denbora elkarteek, eta mugimendua indartu egin da gainera: 40 eragile inguruk osatzen dute orain Aski Da ekimena.

Gabonetatik hona, beharrak identifikatu eta mezua adosteko baliatu dute denbora elkarteek, eta mugimendua indartu egin da gainera

Herrigintza aintzat har dezala

Aski Da mugimendutik hamabost bat ordezkari bertaratu dira udaletxera. Udal gobernutik berriz, Cristina Laborda alkatea, Nuria Alzaga alkate-ordea, Iosu Iguiñiz Euskara zinegotzia eta Euskara teknikaria izan dira bileran. Iguiñiz berria da bere postuan, berriki gobernu koalizioa osatu baitute PSE-EAJk eta EAJko zinegotziak hartu du Euskara saila.

Garbi mintzatu dira herri eragileak: hizkuntzari lotuta, udal ordenantza bete dezala, hori izan da udal gobernuari egin dioten exijentzia; “herritarrok ez genuke atzetik ibili behar, bete dadin”. Horrez gain, hizkuntza plan berri bat eskatu dute, eragileekin batera egina (diagnosia, diseinua eta jarraipena), benetako sistema parte-hartzaile batekin. Horretarako, Euskararen Mahaia eratzea ikusten dute beharrezko, eta mahai hori kanpoko entitate batek dinamizatzea, “botere nagusikeria saihesteko”.

Euskarari eta euskal kulturari lotuta Irunen egiten diren ekimenei “merezi duten trataera eta dirulaguntzak ematea” ere eskatu dute. Adibidez, Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin Irunen dituzten gorabeheren berri eman genuen ARGIAn.

Azken finean, alde bakarreko hizkuntza politikaren ordez, herrigintzatik “elkarlanerako gonbidapena” luzatu diote udalari, “borondate politiko berri baten abiapuntu”. Udal ordenantza betetzeko eta hizkuntza plana elkarlanean egiten hasteko konpromisoak hartu ditu udal gobernuak. Gertutik egingo du jarraipena Aski Da mugimenduak, esandakoa bete dadin.