argia.eus
INPRIMATU
7.200 euroko isuna jarri diete Mozal Legearekin Askekintzako kideei, Santo Tomas eguneko protestagatik
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko maiatzaren 14a
Askekintzako kideak Ursula txerria sartu behar zuten kaiolan. (Argazkia: Askekintza)

"Ursula txerria defendatzeagatik Mozal Legea aplikatu digute", adierazi dute Askekintzako kideek prentsara bidalitako oharrean. Eleak Libre eta Askekintzak prentsaurrekoa deitu dute asteartean 19:00etan Plaza Berrian bertan, elkarrekin manifestu bat irakurriko dute. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.

2017ko abenduaren 21ean, Donostiako Plaza Berrian Askekintzako hamabi kide Ursula txerria sartu behar zuten kaiola blokatzen aritu ziren desobedientzia zibilez, goizean goiz joan eta bertan sartuta. 30 minutuz izan ziren bertan eta erresistentzia pasiboko jarrera hartu zutenez, Udaltzaingoak arrastaka atera behar izan zituen.

Orain 7.200 euroko isuna helarazi diete.

 

Ekintzaren helburua, egun horretan txerriekin egiten den sarraskia eta espezismoa orokorrean salatzea izan zen. "Txerriek, gainontzeko animaliok bezela, nerbio sistema zentrala eta sentitzeko ahalmena dute. Ondorioz, errespetua merezi duten norbanakoak dira. Injustua da, norbanako bat bere borondatearen kontra gizendu, objetu bat balitz bezala erakutsi, eta azkenik, txerri gehiago izateko hil arte esplotatzea. Honetaz gain, Ursula bezalako beste 700 txerri inguru erailko dira egun honetan bakarrik Donostiarako", adierazi zuren orduan.