argia.eus
INPRIMATU
“Askeak, ez ausartak” lelopean abiatu da Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren seigarren edizioa
  • Indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzea helburu duten 1.000 ipuin baino gehiago jaso ditu urteotan Asun Casasola lehiaketak. Seigarren edizio honetan ere, indarkeria matxistaren kontrako borrokari ikuspuntu positibotik helduko dioten istorioak jasoko dituzte, “Askeak, ez ausartak” gaia abiapuntu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko azaroaren 24a

2008ko Sanferminetan Nagore Laffage irundarra hil zuen Jose Diego Yllanesek, hark ezetz esan ziolako. Laffageren ama Asun Casasolak ordutik daraman borroka irmoaren omenez jaio zen ipuin lehiaketa.

Aurten, Emakumeen Mundu Martxari egin nahi diote keinu, eta Martxak migrazioaren irakurketa dekoloniala egiten duen modu berean, ipuin lehiaketak ere zubi izan nahi du zapalkuntza ezberdinei aurre egiten dieten istorioak idaztera gonbidatuz.

Ohiko moduan, euskaraz eta gaztelaniaz bidali daitezke idazlanak, gazte eta helduen kategorian.

Belaunaldi gazteak aliatu

Indarkeriarik gabeko jendartea lortzeko bidean, belaunaldi gazteenak aliatu bihurtzea du xede Asun Casasola Ipuin Lehiaketak, eta gazteengana hurbiltzeko gogoz kategoria berriak sortu zituzten moduan, berrikuntza batekin datoz edizio honetan: Oarso Bidasoa eskualdeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen parte-hartzea sustatzen duen Berdintasuna Amets egitasmoarekin elkarlanean ikastetxeetara eramango dute indarkeria matxistaren aurkako borroka. Aurrerago azalduko dituzte zehaztasunak.

Ipuin lehiaketaren nondik norakoez informazio zehatza eskuragarri duzue webgune honetan.