argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Nazionalak aske utzi du Ander Mujika preso donostiarra
  • Astelehenean Frantziak Espainiara bidali ostean, Ander Mujika  preso donostiarra astearte arratsaldean aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hamairu urte baino gehiago egin ditu espetxean.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 28a
Argazkia: Sare

Astearte arratsaldean aske geratu da Ander Mujika donostiarra Espainiako Auzitegi Nazionalak zigor osoa bete duela ebatzi ostean. Frantziak astelehenean entregatu zion Espainiari.

ETAko kidea izatea eta armak gordetzea egotzi zioten Mujikari eta 2007an atxilotu zuten Cahorsen. Parisen izan zen epaitua eta Saint-Martin-de-Reko eta Mont-de-Marsango espetxeetan bete du zigorra, besteak beste. 

2017an, Mujikaren gurasoek, anaiak eta 5 urteko ilobak auto istripua izan zuten Bordele parean Saint-Martin-d-Reko espetxera bisitan zihoazela. 2018an ordea, Mujika Euskal Herritik gertuago dagoen espetxe batera hurbiltzeko agindu zuen Frantziak, Fermín Martínez Bergara presoarekin batera, hain zuzen ere Mont-de-Marsangora, Euskal Herritik 160 kilometrora. 

Apirilaren 10ean, Donostiako Gros auzoan protesta egin zuten, Mujika auzora ekartzeko eskatuz eta bere egoera salatzeko.