argia.eus
INPRIMATU
Aske izateko baimenik ez dela eskatu behar aldarrikatuko du Ernaik, Kataluniaren alde
  • “Baimenik ez aske izateko” leloa erabiliko du Ernaik irailaren 28ra bitarteko kanpainan Kataluniako autodeterminazio prozesuarekin elkartasunean. Gure Esku Dagok ere babesa adieraziko die katalanei irailaren 16an Bilbon.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 08a

200 bat gaztek egin dute agerraldia Ernairen kanpaina aurkezteko. Gazte antolakundearen arabera, inork ez du historian baimenik eskatu aske izateko, eta Katalunian egiten ari diren bezala, Euskal Herriak desobedientziaren bidea hartu beharko lukeela independentzia lortzeko.

Hilabete osoko dinamika aurkeztu dute Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentziaren alde eta irailaren 28an herri eta auzo guztietan mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute.

Gure Esku Dagok urriaren 1eko erreferendumean parte hartzeko eskubidearen alde mobilizazioa egingo du irailaren 16ean Bilbon “Bozkatu erabakitzeko” eta “Demokrazia” lelopean. Mobilizazio “herritarra, anitza eta bateratzailea izango da” eta desberdintasunen gainetik, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritar eta sektore guztiak barnebiltzeko dei egin dute.