IV Libre Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Donostian, Eleak-Libre mugimenduak antolatuta, Mozal Legea salatu eta Aske Gunean atxilotutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko.
2013an Donostiako Bulebarreko Aske Gunea egin zenetik, urtero egin dituzte Libre Topaketak. Aurtengoa laugarren edizioa da eta berezitasun bat izango du: Ertzaintzak duela lau urte Aske Gunean atxilotu zituen bederatzi gazteetatik lau bertan izango dira, ezarri zitzaien kondena bete baitute.
Uztailean bi urte beteko dituen Mozal Legea salatzeko lasterketa egingo da ostiralean, eta ondoren Axier Lopez Argiako kazetariak “Grabatu Polizia” ekimena aurkeztuko du. Axier Lopez Mozal Legearen bitartez zigortu zuten Polizia grabatu eta argitaratzeagatik, nahiz eta ondoren Espainiako Gobernuak atzera egin zuen.
Larunbat goizean, AKABeko abokatuek Mozal Legearen inguruko irakurketa juridikoa egingo dute, Eleak-Libreko kideek azalduko dute isunei aurre egiteko prestatu duten Protokoloa eta Lurralde Askea Dinamikak aurkeztuko du desobedientzia bideratzeko prestatu dituzten 100 Konpromisoen inguruko liburua. Arratsaldean, bestelako Donostia baten aldeko mahai ingurua egingo dute, hiriaren eraldaketarako konpromisoak zehazten hasteko eta Bretainako Notre Dame des Landeseko lagunak hamar urteotan garatu duten erresistentzia ereduaz mintzatuko dira.
Mobilizazio nagusia arratsaldeko zazpietan izango da, Bulebarrean. Mozal Legea salatu eta Aske Gunean parte hartu zuten gazteei eta haien senideei elkartasuna adieraziko diete. Gauean Aske Gunearen Afari Festa egingo da.
IV Libre Topaketaren bitartez Eleak-Libre mugimenduak dei egin nahi du uztailaren 2an egingo diren Mozal Legearen aurkako mobilizazio nazionaletara.