Egin egunkaria zuzentzeagatik zigortu zuten 18/98 makrosumarioan. Europan espetxeratuta dagoen hedabide bateko zuzendari bakarra aske geratu da gaur goizean espetxealdia hiru alditan bete ostean. Ean (Bizkaia) egingo diote harrera 19:00etan.
"Gogorra izan da, espero dut herri honek kartzelara etortzeari uztea", adierazi du Salutregik, "bitartean, behar denero etorriko gara". Familiak, lagunek eta lankideek egin diote harrera. Espetxe atarian zeuden besteak beste, Jose Luis Elkoro, Teresa Toda, Patxo eta Isidro Murga, Jexux Mari Zalakain, Martin Garitano eta Pablo Gorostiaga.
1998ko uztailaren 15ean itxi zuten Egin eta Egin-Irratia Baltasar Garzon epailearen aginduz. Epaileak, Egin ETAren parte zela argudiatu zuen, hortik aurrera erabiliko zen “dena ETA da” lelopean. “Ez ginela ausartuko uste zenuten?”, adierazi zuen Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak Eginen itxieragatik galdetu ziotenean.
Salutregik prozesuaren “kongruentzia eza” salatu zuen Vice Newsen Karlos Zurutuzari eskainitako azken elkarrizketan. “Eginek ETAri ekonomikoki laguntzen ziola esan zuen Garzonek, egun batzuk beranduago alderantzizkoa, eta azkenean iruzurrezko porrota argudiatu zuen”. Salutregi egunkaria itxi eta egun batzuetara atxilotu zuten. Ez zuten jakin zehazki zein zen akusazioa 2005ean epaia hasi zen arte.
Hedabidea itxi eta zazpi urtera epaitu zituzten Egin egunkariaren argitaratze enpresa eta haren arduradunak 18/98 makrosumarioaren barruko Orain S.A. sumarioan. 2009an emandako epaian, Eginen jarduna legezkoa zela ebatzi zuten eta egunkaria ez zela itxi behar. Ordurako baina, egunkariaren instalazioak egoera oso txarrean zeuden. Salutregik berak baieztatu zuen hori 2003an Hernaniko Eziago poligonora lehen aldiz sartu ostean.
Itxiera agindua baliogabetu bazen ere, akusatuak kolaborazioagatik zigortu zituzten: Salutregiz gain, Xabier Alegria , Jose Luis Elkoro, Carlos Trenor, Teresa Toda, Manuel Intxauspe, Isidro Murga, Patxi Murga, Jexux Mari Zalakain, Pablo Gorostiaga, Xabi Otero eta Iñaki Zapiain. Gehienak azken bi urteetan geratu dira aske. Trenor oraindik espetxean dago. Baita, sumario horretako beste ataletan zigortutako hainbat lagun ere.
Babes adierazpenak
Itxierak protesta ugari sorrarazi zituen Euskal Herrian eta milaka pertsonek euren babesa adierazi zieten. Salutregik berak 1998ko uztailaren 18ko ekitaldian hartu zuen parte. Idazleen Mundu Erakundeak (PEN) Salutregi eta Todaren kartzelaratzeak salatu zituen 2008an Glasgowen egindako urteko bileran. 2013an Gipuzkoako Aldundiak Urrezko plaka bana eman zien Egunkaria eta Egin egunkariei.
Europan egunkari bateko zuzendaria espetxean egotea ez da oharkabean joan nazioarteko hedabide batzuentzat. Al Jazeerak erreportaje bat argitaratu zuen euskal hedabideen aurkako epaiketen inguruan. Euskal Herrian eta espainiar estatuan ostera, Salutregik zenbait kazetariren isiltasuna kritikatu zuen: “Herrialde bananeroetan hedabide eta kazetariak jazartuak direnean sumintzen diren horien isiltasuna”. Martin Schenin NBEn errelatoreak espainiar estatuak terrorismoaren definizioari jartzen dizkion mugak salatu zituen, zehazki editorial, hedabide eta elkarteen kasuan.
Egin itxi zutenean, Euskadi Informacion hasi ziren argitaratzen. Bitartean Eginen bidea jarraituko zuen hedabide bat sortzeko prozesua abiatu zuten. Sei hilabete geroago Garak hartu zuen testigua.