10 urte eta 9 hilabeteko kondena bete du Matanzasek espetxean, 18/98 auzia dela medio. Puerto III espetxean bete du bere kondenaren azken urteak, Euskal Herritik 1.050 kilometrotara eta espetxetik irtetzerakoan lagunak eta senideak zituen zain.
Abenduaren 28ko goizean aske geratu da Txema Matanzas, Puerto III espetxea atzean utzita: etxetik 1.050 kilometrotara zegoen. Espetxetik ateratzerakoan lagunak eta senideak zituen zain Matanzasek, baina gauean espero da lehenengo harrera Gamarran, Euskal Herrira iritsi bezain pronto.
10 urte eta 9 hilabete egin ditu preso Matanzasek, 18/98 auziaren baitan zigortu ostean. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin zuten operazioa, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria itxiz eta hainbat lagun atxilotuta. Zazpi urte beranduago hasi zen epaiketa, baina behin betiko sententzia 2009an eman zuen epaileak: 38 lagun zigortu zituen -Txema Matanzas tartean- eta bederatzi absolbitu. KAS, Ekin eta Xaki legez kanpo utzi zituen.
Albiste hau Hala Bedi irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.