Erruduntzat joko du bere burua Euskal Herrian gauerdia denean egingo den epaiketan. Erresuma Batuan espetxean egon den denborako –bost urte eta bi hilabete– espetxe zigorra ezarriko diote. Horrela, aske geratuko da.
Erresuma Batutik atzo irten zen Julian Assange, eta Mariana uharteetan epaituko dute gaur gauerdian, Euskal Herrian goizaleko 01:00 denean. Ozeano Barean daude Mariana uharteak, Filipinetako ekialdean eta Japoniaren hegoaldean, Assangeren jaioterri den Australiatik gertu; AEBen menpe dira Mariana uharteak, baina "Estatu aske" izaera daukate. Handik deklaratuko du AEBentzat.
WikiLeaksek eta Assangeren abokatuek gaur goizaldean publiko egin duten informazioaren arabera, AEBetako Justizia Departamentuarekin akordioa itxi du Assangek azken orduotan. 62 hilabeteko espetxe zigorra ezarriko diote gauerdian hasiko den epaiketan, hain zuzen ere, Erresuma Batuko espetxean eman duen denbora. Zigorra beteta duenez, aske geratuko da eta AEBetara estraditatzea saihestuko du.
Stella Assange emazteak Twitter sare sozialean idatzi du WikiLeaksen informazioa berretsi eta Assangeren kasuari indarra emateko asmoz: "Ezin dut hitzez azaldu zuei zein eskertuta nagoen, horrenbeste urtetan zehar hau egi bilakatu zedin mobilizatu zareten guztioi. Letra larriz: ESKERRIK ASKO".
62 hilabete, segurtasun handiko espetxean
WikiLeaksen sortzailea 2019ko apirilaren 11n sartu zuten Erresuma Batuko Belmarsh-eko segurtasun handiko espetxean, Londreseko Ekuadorreko enbaxadatik kanporatu ostean. Zazpi urte eman zituen enbaxada hartan, Ekuadorko presidente Rafael Correaren babespean.
Gobernu aldaketa egon zen Ekuadorren, Lenin Morenok hartu zuen presidentetza, eta Assangeren kanporatzea agindu zuen. Izan ere, Morenok eta Assangek hainbat tirabira izan zituzten, batez ere Morenok WikiLeaks egiten zuelako berari buruz izandako hainbat filtrazioren errudun; besteak beste, Morenorekin lotutako Ina Investment Corporation enpresari dagozkion ustelkeria salaketak. Tirabira horiek baliatu zituen AEBetako gobernuak: presio egin zion Morenori, konpromisoa har zezan Assangeren kanporatzea agintzeko Ekuadorren Londreseko enbaxadatik.
Bost urteotan Assangek oso bisita gutxi izan ditu eta egoera oso larrian biziraun du Belmarsh-eko segurtasun handiko espetxean. Hasiera batean, gainerako presoekin batera ateratzen zuten patiora, baina kartzelako mandatarien esanetan "Assangeren presentziak patioa aztoratzen zuen", eta bakarrik ateratzea erabaki zuten. Muturreko isolamenduan egon da, 23 orduz bi metro luze eta zabaleran hiru metro zituen ziegan.
Irakeko eta Afganistango gerra sekretuak
Julian Assangeren eta WikiLeaksen ibilbide judizial eta diplomatikoa amaierara heltzear da. 2010ean WikiLeaksek AEBetako gerra informazioa azaleratu zuen, eta horrela ezagutarazi ziren armada estatubatuarrak hainbat herrialdetan egindako txikizio handi eta giza eskubideen urraketak. Irakeko gerrako 400.000 txosten argitaratu zituen, 90.000 inguru Afganistangoak, 800 Guantanamokoak eta AEBetako bestelako 250.000 informazio diplomatiko. AEBen esanetan sekretupean edukitzeko dokumentazioa zen. Espioitza Legea urratzea leporatu dio, hemezortzi delitu egin dituelakoan.
AEBetako Justizia Departamentuarekin akordioa erdietsi du Assangek, eta epaiketa telematikoan errudun joko du bere burua. Aitortuko du Espioitza Legea urratu duela, eta adostutakoaren arabera 62 hilabeteko espetxe zigorra jasoko du. Horrela, zigorra betea izango duenez, aske geratuko da.