argia.eus
INPRIMATU
Aske geratu da Iñigo Gutierrez presoa, Izadiren aita
  • Etxerat Elkarteak jakinarazi duenez, Idoia Martinezek eta Xabier Agirrek askatasun osoa lortu dute, 2021etik baldintzapeko askatasunean zeuden.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 18a
Argazkia: Etxerat.

Iñigo Gutierrez Carrillo preso algortarra aske geratu da uztailaren 18an, Etxerat Elkarteak baieztatu duenez. Zaballako espetxea utzi du Izadiren aita eta Maria Lizarraga euskal presoaren bikotea denak. Familia horren kasua entzutetsua izan da, eta haien askatasuna eskatzeko kanpainak egin izan dira. Izadik hiru urte bete zituen otsailean, eta, beraz, amagandik banandu zuten, kartzelatik aterata. Gutierrezi orduko hartan hirugarren gradua eman zioten baina Izadik hiru urte egin berritan, espetxetik atera eta berehala, berriro kartzelara sartu zuten, Auzitegi Nazionalaren aginduz, bigarren gradura atzera eginda; Fiskaltzak ezarritako helegite baten ondorioz izan zen. Astelehen honetan aske geratu da azkenik, hamalau urteko zigorra beteta.

Halaber, Etxeratek jakinarazi du askatasun osoa eman dietela Idoia Martinez Garcia eta Xabier Agirre Ibañez preso politikoei. Izan ere, baldintzapeko askatasunean zeuden biak, 2021eko urritik lehena eta 2021eko abendutik bigarrena.