Hemezortzi hilabete igaro ditu preso Zaballa (Araba), Soto Del Real (Madril) eta Brievako (Avila) espetxeetan. 2014ko abenduaren 15ean atxilotu zuten Gernika-Lumoko merkatuan kalez jantzitako ertzainek.
Herri Libre bihurtu zuten Gernika-Lumo 2014ko abenduan. Ustez 'terrorismoaren gorazarrea' egiten zuen pankarta bat eusten zuen makilan aurkitutako hatz-marka batzuk frogatzat hartuta kondenatu zuten Jone Amezaga Arriaga gazte errigoitiarra 18 hilabeteko espetxe zigorrera.
Irmoki gaitzetsi zuen Bizkaiko herriak Espainiako Auzitegi Gorenak berretsitako kondena eta mugimendu plurala artikulatzea lortu zuten ehunka herritar bilduz.
Hamar egunean espetxean aurkezteko agindua iritsi zitzaion Amezagari. Ertzaintzak ordea, txosten bat aurkeztu zion kasuko epaileari hamar egun horiek kendu eta gaztea "bilatu eta atxilotzeko" argudioak emanaz. Idazki horrek "zantzu politikoak" zituela salatu zuen 'Jone Libre' mugimenduak, haren espetxeratzeak ere bazuela 'politikotzat' adieraziz.
21 egun eman zituen ezkutuan, herritik alde eginda, Jone Amezaga Arriagak. Bitartean, gazteak herrian libre bizi ahal izateko baldintzak sortzeko saiakera egin zuten ehunka herritarrek. Aterki laranjak erabili zituzten Ertzaintzak 'lehen bai lehen' espetxean nahi zuen gaztea babesteko.
2014ko abenduaren 13 eta 14an Herri Libre bihurtu zuten Gernika-Lumo, eta bertan azaldu zen, herritarren babespean eta libre bizitzeko hautua eginda Amezaga.
Abenduaren 15ean “aspaldi ikusi gabeko bortizkeria erabiliz” sartu zen Ertzaintza Gernika-Lumoko merkatuan Jone Amezaga atxilotzera. Kalez jantzitako poliziek ezin izan zuten gaztea babesteko herritarrek osatutako besarkada hautsi, eta beltzak sartu ziren Amezagaren inguruan zegoen jendea jipoitzera.
Hemezortzi hilabeteko espetxe zigorraz gain, dispertsioa eta isolamendua ere sufritu ditu gazteak. Orotara, hiru hilabete eman zituen isolatuta Zaballan (Araba) eta pare bat aste Soto Del Realen (Madril) dispertsio politikaren ondorioz. Gainontzeko kondena Brievako espetxean (Avila) bete du.
Ekainaren 11n geldituko da aske gazte errigoitiarra.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra
BIDEO BILDUMA