argia.eus
INPRIMATU
Aske dira Iruñean Espainiako Poliziak atxilotutako bi herritarrak
  • Espainiako Poliziak egin ditu atxiloketak ostegun goizez eta errepresioaren aurkako Aske mugimendutik adierazi dutenez, horietako bat bederen Jardun koordinadorako kidea litzateke.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 20a
Jardunek urriaren 12an Iruñean egindako manifestazioa. (Arg.: @jardunk)

Eguerdi aldean utzi dituzte libre atxilotuak eta Asketik jakinarazi dutenez, gorroto delitua leporatu diete. Antza denez, atxiloketek Iruñeko Nabarreria plazan urriaren 12an izandako gertaerekin dute zerikusirik. Egun hartan Jardunek manifestazioa egin zuen Iruñean zehar Indar errepresiboak suntsitu goiburupean, eta bilkura ere egin zuen aipatu plazan Urriaren 12ko ospakizunak salatzeko.

Bilkura egiten ari zirela, soinean Espainiako bandera handia zeraman herritar bat pasatu zen, eta bertan ziren beste hainbat herritarrekin liskar unea sortu zen, beti ere kolperik gabe. Askek adierazi duenez, egoera horrekin dute zerikusirik gaurko atxiloketek.

Asteazken arratsalderako protesta bilkura deitu dute 20:00etan Nabarreria plazan bertan.