argia.eus
INPRIMATU
Xabier Alegria presoa aske da
  • Xabier Alegria Lezoko presoa astearte goizean atera da Cádizeko Puerto III espetxetik, hainbat alditan Espainiako kartzeletan ia hamaika urte preso pasatu ondoren.

ARGIA @argia 2015eko apirilaren 21a
Xabier Alegria (goian erdian) Puerto III espetxetik atera berritan. (Arg.: Garazi Alegria).

Alegria 18/98 makroauzian zigortu zuten, baina lautan espetxeratu izan dute: lehena 1998an, Auzitegi Nazionalak Egin itxi zuen operazioan atzeman zuten eta honen ondorioz urtebete egin zuen espetxean.

Bigarrena 2000. urtean izan zen, Espainiako justiziak KASen ondorengotzat jo zuen Ekin erakundearen aurka egindako sarekadan atxilotu zuten eta 2001eko ekainera arte izan zuten preso. Hirugarrena 2003ko otsailean izan zen, Egunkaria itxi zen operazioaren baitan. 2004ko abenduan askatu zuten eta 2007an laugarrenez espetxeratu, 18/98 auzia medio.

Makroauzi honetan bildu zituzten Egin, Ekin eta beste hainbat auzi ere, eta honetan jaso zuen ia 13 urteko espetxe zigorra. Harrez gero preso izan da gaur arte. Egunkaria auziagatik absolbitu egin zuten, gainerako akusatu guztiak bezala.

Egunkaria auzian atxilotu zutenean torturak salatu zituen Alegriak eta Puerto IIIko espetxean lau urte eta erdi isolatuta izan zuten.