argia.eus
INPRIMATU
“Torturak gauzatzeko baldintzek bere horretan jarraitzen dute”, Askek salatu duenez
  • Torturaren kontrako eguna baliatuz, Aske antolakundeak prentsaurrekoa egin du Bilboko Justizia Jauregian. Gaur egun ere tortura gauzatzeko baldintzek bere horretan jarraitzen dutela salatu dute.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 13a
Askeren prentsaurrekoa Aske Antolakundea

Jardun Koordinadoraren barnean errepresioarekin loturiko gaiez arduratzen da Aske. Eguna baliatu dute egoeraren irakurketa gizarteratzeko. "Funtzionario publiko batek edo funtzio publikoetan aritzen den norbaitek modu antolatu eta sistematikoan beste pertsona bati sufrimendu latzak eragitea, fisiko zein psikologikoak izan daitezkeenak. Hori da tortura." Horrela definitu du tortura Aske antolakunde antierrepresiboak. 

"Klase zapaltzaileak antolakuntza iraultzaile oro suntsitzeko" erabiltzen duen arma politikoa dela salatu dute. Azpimarratu dute "tortura berriz gauzatzeko baldintzak jarraitzen badute", torturen aitortzekin lotutako azken "aurrerapausoak ezer gutxirako balio" dutela. 

Gaur egun Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak ehunka euskal militanteren atxiloketa agindu eta torturapean izan zituela oroitu dute eta inpunitate osoz egin zutela salatu dute.

Azken hilabeteetan publiko egin diren infiltrazioak ere aipatu dituzte eta "estatuak antolakuntza politiko oro suntsitzeko" ahalegina egiten duela adierazi dute. Euskal Herrian antzerako kasuak suertatu direla ere esan dute kolaborazio eskaintzen edo 24 orduko "jarraipen polizialen" bidez. 

Prentsaurrekoa honela amaitu dute "amnistiak Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzaren gaindipena dakar. Zapalkuntza gainditu ezean, borrokak aurrera jarraituko du, eta borrokari errepresioak erantzungo dio. Beraz, amnistia eskuratu ezean, torturak pairatzeko arriskua eta baldintzak egongo dira. Hori dela eta, amnistiaren aldeko borroka indartu eta estatuen partetik pairatzen den errepresioari aurre egiteko baldintzak sortzea dagokigu".