Atzo 17:00ak inguruan atera zen Juan Lorenzo Lasa Mitxelena Sevilla IIko kartzelatik. Preso oreretarrak 2012ko martxoan zuen finkatua irteera data, baina 197/2006 doktrinaren ezarpenarekin 2022ra arte luzatu zioten espetxealdia.
Ekainaren 18an Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Txikierdik “Parot Doktrinaren” kontra aurkeztutako helegitea. Baina Estrasburgoren epaia jakin ondotik, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo goizean bertan hartu zuen preso gipuzkoarra libre uzteko erabakia.
Lasa Mitxelenak Morón de la Frontera herrian kokatutako Sevilla II espetxean egin ditu azken urteak. Bertako bizi baldintzak salatzeko hilabete iraun duen gose greban parte hartu du.
Txikierdi 1973an Ipar Euskal Herrira joan zen errefuxiatu gisa. Polizia iturriek eta hedabideek sarritan aipatu zuten bere izena ETAko buruzagien artean, hala nola Txomin Iturbe lider historikoaren aldean. Frantziako poliziak Angelun atxilotu zuen 1985ean eta 7 urte hango espetxeetan eman ondoren Espainiara estraditatu zuten.
1989ko martxoan ETAk hiru hilabeteko su-etena erabaki zuenean Espainiako Gobernuarekin hasitako Aljerreko elkarrizketekin jarraitzeko, erakundeak negoziaketa mahian Txikierdi egon zedin eskatu zuen.
Lasa Mitxelena Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bozeramale izan da 17 urtetan, 2011an kargua utzi zuen arte.