Polizia marokoarrak larunbatetik Sahara mendebaldean ziren brigadistak kanporatu dituela salatu du Askapenak. Aaiun hirian sartzeko kontrol batean atxiki dituzte eta Marokoko lurretara bidali saharar independentistekin bildu izanagatik. Erakunde internazionalistaren arabera, azken hilabeteetan ia ez da atzerritarrik heldu da Saharara eta blokeoa areagotu du Marokok.
Abuztuaren 2an iritsi zen brigada Sahara mendebaldera. Smara hirian bi egunez hainbat kolektibo sahararrekin egon ostean, astelehenean Aaiun hiriko sarreran kanporatu dituzte. Goizean, hiru brigadista Aiun hirira autobusez zihoazela, kontrol polizial batean geratu, autobusetik jaitsi arazi eta ez diete bidea jarraitzen utzi. Gobernu delegatuak jakinarazi die Smaran Saharar independentistekin bildu direlako kanporatu dituztela.
Arratsaldean, brigada osatzen zuten beste hiru kideak ere geldiarazi dituzte hirira sartzeko ahaleginean. Haien borondatearen aurka, taxi batean sartu eta Maroko hegoaldeko Agadir hirira bidali dituzte guztiak poliziaren zaintzapean.
Askapenatik Saharara abiatutako brigadak kanporatzen dituzten lehen aldia dela azaldu du erakundeak.
“Lekuko deserosoak” kanporatzen eta blokeoa indartzen
Azkenaldian Marokoko gobernua Saharar lurren blokeoa indartzen ari dela adierazi du eragile internazionalistak. “Okupazioarekin aski ez eta nazioarteko brigadistoi sarrera galarazi nahi digute, testigu deserosoak gara nonbait”, diote.
Brigadisten kanporaketarekin batera, Sahara okupatuak bizi duen egoera salatu du Askapenak. Azken hilabeteetan Mendebaldeko Saharara atzerritik inor gutxi heldu dela jakinarazi dute, guztiak kanporatuak edo mugan atxikiak izan baitira.