argia.eus
INPRIMATU
Askapenaren 2023ko brigada kanpaina martxan da
  • Europako, Ekialde Hurbileko eta Abya Yalako askapen borroken ezagutza euskal herriratzea izango da brigadisten lana. Askapenak azpimarratu du elkartasun internazionalista herrien arteko "ezinbesteko tresna" dela eta munduko beste herri langileei babesa eta elkartasuna emateaz gain, "borroka berean gaudela" gehitu du.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 24a
Askapenaren 2017ko brigada Bolivian. Argazkia: Askapena

2023ko brigada kanpaina abiatu du Askapenak, otsailaren 24ean hasi eta apirilaren 9ra bitarte. Brigadisten lana Europako, Ekialde Hurbileko eta Abya Yalako askapen borroken ezagutza euskal herriratzea izango da. Erakunde internazionalistak jakitera eman duenez, "elkartasun internazionalistaren antolakuntza" jarri nahi dute zentroan, bi eremutako antolakuntza, Euskal Herrian eta nazioartean egin beharrekoa.

Aurten garrantzi berezia eman nahi diete Europako brigadei: "Azken hilabeteetako gertakariek argi utzi dute Europar Batasunaren egitura inperialistak apurtu ezean ez dela askapenik izango eta, horregatik, ezinbestekoa da Europako herri langileon arteko harremanak indartzea".

Hortaz, kanpainaren arrazoia, batetik, Che Guevarak elkartasuna herrion arteko xamurtasuna dela esan zuenetik sei hamarkada baino gehiago pasatu diren arren, elkarteak azpimarratu du inoiz baino agerikoagoa dela elkartasun internazionalista herrien arteko "ezinbesteko tresna" dela.

Bestetik, internazionalismoa norberaren askapen borroka nazioarteko estrategia batean kokatzea eta elkartasuna praktikan jartzea dela azaldu du. Horretarako, langileria buru izango duen praktika bultzatzearen garrantzia azpimarratu du: "Euskal Herriko langileriaren askapena nahitaez munduko langileriaren askapenarekin lotuta dago. Euskal Herriko borrokan antolatuta gaudenoi gainontzeko askapen borrokekin batzea dagokigu halabeharrez, hala ez bada, norberaren borrokak ez baitu etorkizunik izango". Hain zuzen ere, munduko beste herri langileei babesa eta elkartasuna emateaz haratago, "borroka berean gaudela" ulertzean datzala gehitu du.