argia.eus
INPRIMATU
Ukraina, multinazionalak eta herrialde arabiarrak ardatz Askapenaren larunbateko mintegian
  • “Herri jantzia, garaipenaren hazia” izenburupean Askapenak mintegia egingo du larunbat honetan, hilak 10, Lasarteko EleBeltz sorkuntza eta eztabaida askerako topagunean.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 08a
Askapenak antolatutako IV. formazio mintegien kartela.

10:00etan emango diete hasiera saioari Ukrainaren inguruko solasaldiarekin. Gabirel Ezkurdia analistak parte hartuko du saioan, herrialdean jokoan dagoena ulertzeko gakoak eskainiz. Transnazionalak izango dituzte ondoren mintzagai, Luismi Uharteren gidaritzapean.

Bazkariaren ostean, Palestinaren inguruan eztabaidatuko dute. Azken arabiar matxinadek izandako ondorioak aztertuko dituzte Martxelo Diazekin. Egunarekin amaitzeko, Euskal Herriko Bilgune Feministaren eskutik borroka feminista eta internazionalistaren uztarketa eta elkar eragintzaz hausnartuko dute, ariketa eta dinamika ugariren bitartez.

Maiatzaren 17an jarraipena

Formazio mintegiak maiatzaren 17an jarraituko du, beste hainbat hitzaldi eta eztabaidarekin.

Venezuela, Estatu Espainiarreko herri zapalduen borroka, XXI. mendeko sozialismoa eta Internazionalismoa izango dira solasgai. Mintegiei amaiera emateko, jaialdia egingo dute gaualdean.

Informazio gehiago:

Formazio mintegietan parte hartu nahi duenak herrijantzia@askapena.org helbidera idatzi dezake.