argia.eus
INPRIMATU
Askapenak 30 urteko borroka internazionalista ospatuko du
  • Askapena erakunde internazionalista sortu zenetik 30 urte igaro direla ospatzeko, urriaren 7an Berriozarren egun osoko egitaraua aurkeztu dute. “30 urte borrokak uztartzen, herriok burujabe!” izango da leloa.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 06a

Goizeko 11etan hasiko da ospakizuna Porrotx pailazoaren ikuskizunarekin eta kale animazioarekin. Erakusketa bat ere prestatuko dute herri mugimenduen argazki eta kartel historikoekin.

Eguerdiko 12etan ekitaldi politikoa izango da Musika Eskolako areto nagusian. Ekimen garrantzitsuena dela adierazi dute eta 30 urteak gogoratzearekin batera, aurrera begirako urratsak aurkeztuko dituzte. Bertako produktuekin egindako bazkari internazionalista izango da jarraian, Pantxo bakarlari mexikarrarekin alaitua.

Gau aldean Che Guevarari omenaldia egingo zaio haren heriotzaren 50 urteurrenean, eta ondoren Sorkun, Bide Bakarra, Ahuntzape eta TrikiTeens-en kontzertuekin amaituko dute eguna.