argia.eus
INPRIMATU
Askapenak 2017rako brigadak aurkeztu ditu ‘Borrokak uztartzen’ lelopean
  • Askapena erakunde internazionalistak 30 urte bete ditu aurten, “borrokak uztartzen” jarraitzeko asmo garbia adierazi du. Beste behin ere brigadak antolatu ditu “munduko prozesu emantzipatzaile ezberdinak ezagutu eta gerora Euskal Herrian ezagutzera emateko”. Apirilaren 16ra bitarte egongo da epea izena emateko.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 01a

Europan,azken urteetako dinamikarekin jarraitzeaz gain, hainbat leku berri iragarri dituzte. Herrialde Katalanetakoari Bretainiako ZAD herrixka autogestionatura eta Italiara antolatutako brigada berriak gehitu dizkiete aurten.

Aurten ere ez da faltako Palestina helmuga bezala, “palestinar erresistentzia ezagutu eta Euskal Herrian BDZ kanpaina zabaltzeko”. Bestalde, Abya Yala, Latinoamerikako hainbat herrialdetako prozesuen jarraipena egin, eta horiek bizi dituzten egoera ezegonkorrak ezagutzeko aukera emango du Askapenak; Argentina eta Uruguai, Bolivia, Brasil, Mexiko eta Venezuela izango dira herrialde horiek. Horiei, Kubarako brigada gehituko zaie aurten.

Aurkezpenak herriz herri

Iruñean emango diote hasiera aurkezpen kanpainari otsailaren 4an egun osoko egitarauarekin. Brigadista ohiek aurkeztuko dute kanpaina Zabaldin goizeko 11:30ean; 14:30ean bazkaria antolatu dute Arranon, eta amaitzeko, kontzertuak egingo dituzte 20:00etan. Kanpaina hori apirilaren erdi alde arte luzatuko da, eta Euskal Herri luze eta zabalean antolatuko dituzte aurkezpen lokalak.

Horrela, Euskal Herriko internazionalista guztiei dei egin diete haiekin batera brigadetan parte hartu, eta Euskal Herriko borrokak gainontzeko herrietako borrokekin uztartzeko.

Aurtengo kanpaina iragartzeko kartela.