argia.eus
INPRIMATU
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”
  • Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 08a
Guasdualiton (Venezuela), Askapenako brigadistak. Argazkia: Askapena

Uztailaren 28ko hauteskundeen ondoren, Venezuelako kaleetan chavisten zein oposizioaren aldekoen mobilizazio ugari izan dira. Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak adierazi zuen Nicolás Maduroren Polo Patriotiko Handiak irabazi zituela hauteskundeak botoen %51,2 lortuta eta oposizioak %44,2 eskuratu zituela, baina Edmundo González eta María Corina Machado oposizioaren buruek adierazi zuten “botoen %67” lortu zuela oposizioak, eta “Madurok %30”. Nazioartean –hala nola Europako estatu batzuk eta AEBek– hauteskundeen aktak argitaratzea eskatu dute, eta Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak “kontsignatutako materiala aztertzeko prozesua” irekiko du gehienez 15 eguneko epean, luzagarria bada ere. ARGIAk Venezuelan dauden Askapenako brigadistekin hitz egin du, eta azken egunetan bizitakoa adierazi dute.

Guarimbak, ezjakintasuna eta tentsioa

Uztailaren 28ko hauteskundeen aurretik adierazi dute giroa “lasaia” zela Venezuelako kaleetan, eta nahiz eta esan duten Poliziaren presentzia agerikoa zela, ez zuten ikusi inolako istilurik. Zer aurkituko zuten "zalantza" zutela adierazi dute, baina esan dute militante chavistekin eta oposiziokoekin hitz egiteko aukera izan dutela.

Uztailaren 29an hauteskundeen ostean, adierazi dute guarimbak –Venezuelan kale-barrikadak edo errepide-mozketak aipatzeko erabiltzen den terminoa– egon zirela. “Espero zena izan zen. Bagenekien hori egongo zela eta oposizioaren partetik planifikatuta zeuden ekintzak egon ziren, beraien estrategia izan zen”, adierazi du Askapenako brigadista batek. “Tentsioa” azpimarratu dute, eta etxean egon zirela bi egunez irten gabe, hurrengo egunetan zer gertatuko zen “ezjakintasun puntu” horregatik. Hala ere, nabarmendu dute aurreko urteko guarimba batzuekin alderatuta, aurten egun bakarrekoa izan dela, beste urteren batean “sei hilabetez” izan ziren bitartean. “Kalean oso jende gutxi zegoen, ezjakintasunagatik, beldurragatik, polizia asko eta armada zegoen kalean, eta eltze-jotze batzuk ere egon ziren”, adierazi dute. Supermerkatuetan “oso ilara luzeak” izan direla ere adierazi dute, eta goizeko lehen orduan joateko beharra janaria eskuratzeko.

Uztailaren 29tik aurrera “egunero martxa nahiko jendetsuak egon ziren chavismoaren eta Maduroren alde”, eta adierazi dute Venezuelan gertatu dena eta sare sozialetan kontatu dena alderatuta, “kontraesankorra” eta “gezurra” dela sare sozialetakoa. Guarimba handiena uztailaren 29an izan zela azpimarratu duten arren, esan dute guarimba "puntualak” ere egon direla: “Oposizioak planifikatu zuen granada bat ospitale baten kontra botatzea. Chavezen eskulturak ere apurtu dituzte”, adierazi du brigadista batek.

Venezuelako herriak eta gobernuak ez du atzerapausorik onartuko”

Askapenako brigadistek etorkizunean gertatuko dena “gobernuak hartzen dituen erabakiengatik eta nazioartean dauden interesengatik” baldintzatuta egongo dela azpimarratu dute, nahiz eta gaur gaurkoz esan duten ezin dela jakin zer gertatuko den. Azken egun hauetan AEB eta Venezuelaren arteko desadostasunak aipatu ditu Askapenako kide batek: “Madurok esan zuen AEBek Edmundo onartzen bazuten presidente, dituzten akordio petroliferoak aldatuko beharko dituztela eta petrolio hori BRICSi –Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatzen duten nazioarteko ekonomia erakundea– saldu beharko ziela. Horren ostean AEBak atzera bota dira, eta horren ondorioz Argentina ere bai”.

Askapenak adierazi duenez, “argi dago Venezuelako herriak eta gobernuak ez duela atzerapausorik onartuko”, eta azpimarratu du guarimbak sortu direnean “herri chavista kalera irten dela erresistentzia egitera eta beraien autodefentsa eskubidea aurrera eramatera”. “Argi dago borrokarako prest dagoen herri bat dela, etorkizunera begira herri honek borroka egiten jarraituko duela eta oso argi daukala iraultza bolivartarra dela beraien bidea”, adierazi du brigadista batek.

Hasierako planifikazioan aldaketak

Izan diren guarimbengatik eta “segurtasunagatik”, planifikazioa aldatu behar izan zutela esan dute brigadistek: “Guk asteartean prest ginen Cinco Fortalezas Comunera joateko eta errepidea moztu zuten, hainbat protesta egon ziren Caracasen eta inguruan, eta segurtasun falta horregatik esan ziguten Caracasen geratzeko”. Hala ere, azpimarratu dute chavismoaren aldeko martxetan parte hartu dutela, eta “hainbat eragile eta mugimendu sozialekin” bildu direla. “Herriak bozkatu duena mantentzea eta onartzea da egin behar duguna herrialde guztiak. Diskurtso hori Euskal Herrian zabaldu nahi dugu”, azpimarratu du brigadista batek.

Askapenak webgunean jaso duen bezala, haien helburuetako bat Euskal Herritik munduko herri eta borrokei “elkartasun internazionalista” egitea da. Haien zeregin eta asmoengatik galdetuta, Askapenako brigadistek adierazi dute Venezuelan “herri internazionalismoa eta erresistentzia babestea” direla. “Gure asmoa eta zeregina batez ere gure herria, Euskal Herria, ezagutaraztea da, eta zabaltzea nortzuk garen, eta zer errealitate eta mugimendu dauzkagun”, nabarmendu dute.