argia.eus
INPRIMATU
Askabidek jaso du Emakunde saria, prostituzioan aritzen diren emakumeekin egindako lanagatik
  • Askabide elkarteak prostituzioan aritzen diren eta gizarte bazterketa egoeran dauden emakumeak artatzen ditu. Haien egoera ikusgarri egitea, haiek gizarteratzea eta ahalduntzea da diru asmorik gabeko elkartearen asmoa.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 19a
Urte luzetako ibilbidea du Askabidek. Argazkia 2000ko hamarkadakoa da. Argazkia: Askabide.org.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak prostituzioari elkarteak zein erpinetatik heldu dion azpimarratu du: “Emakume bakoitzaren nortasunaren eta bizi-esperientzien dimentsio indibidualetik eta dimentsio soziokomunitario batetik heldu dio prostituzioari; bide horretan, konplexutasun horri guztiari erantzuten saiatzen diren estrategia malguak diseinatu ditu Askabidek”.

EAEko elkartea 1985ean abiatu zen. Zuzeneko arta eskaintzeaz gain, emakumeen kolektibo horren diskriminazio eta zaurgarritasun egoerak gizartean ikusaraztea da helburuetako bat.

Eskaintzen dituzten zuzeneko zerbitzuetan, besteak beste, emakume prostitutek etengabe pairatzen duten indarkeriaren prebentzioa lantzen dute, baita emakumeek aukera eta adierazpen-askatasun gehiago izan dezaten ahalduntzea eta gaitzea ere.

Berdintasunaren aldeko 2020ko Emakunde saria 11:00etan emango zaio Askabideri Lehendakaritzan. Eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da ekitaldia.