argia.eus
INPRIMATU
Asiron: “Sanferminak parte hartzaileak, herrikoiak eta jendetsuak izan dira”
  • Iruñeko alkateak balorazio positiboa egin badu ere, nabarmendu du 24 eraso erregistratu eta 23 pertsona atxilotu dituztela. Baionan ere, bestetan hamaika eraso salatu dituzte.

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 15a
Ezkerretik eskuinera, Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzia, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Iruñeko Udaleko Segurtasun zinegotzia. Argazkia: Iruñeko Udala

Bizikidetzan enfasia jartzen ekin dio Joseba Asironek, Iruñeko alkateak, sanferminen inguruko balorazioari. Azpimarratu du orain arte egindako balorazioa “positiboa” dela, sanferminak “parte hartzaileak”, “herrikoiak” eta “jendetsuak” izan direlako: “Hala ere, ezin ditugu albo batera utzi salaturiko 24 eraso sexistak”.

Zenbait arrazoi eman ditu balorazioa positiboa argudiatzeko. Jende kopuruari dagokionez, esan du inoiz baino jende gehiagok parte hartu duela sanferminetan; hain zuzen ere bi milioi pertsona baino gehiagok.

Gaineratu du jai herrikoiak “berreskuratu” dituela Iruñeak; horien artean, Herri Sanferminak. “Azkeneko urteetan jaiak ospatzeko espazioak ukatu izan zaizkie zenbait kolektibori, baina aurten eskatu duten kolektibo guztiek lortu dute txoko bat”, esan du Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotziak.

Kultur egitarauak izan duen arrakasta ere nabarmendu dute. Aurtengo asmoa tokian-tokiko artistak “ahalduntzea” eta espazio bat ematea izan da. Arrakasta gehien izan duten artistak Gorka Urbizu, Izaro, El Drogas, Chill Mafia eta Maruxak izan dira. Belokik azaldu duenez herritarrek “maitasun handiz” jaso dituzte lurraldeko taldeak.

Segurtasunari ere erreferentzia egin diote, eta Endika Alonso Iruñeko Udaleko Segurtasun zinegotziak emandako datuen arabera, %20 jaitsi dira deituak eta %10 igo dira atxiloketak. Delituen %60 lapurretei loturiko delituak dira. Erakunde guztien artean egindako “izugarriko koordinazioari” esker lortutako emaitzak direla dio.

Balorazioa ona bada ere, hobetu beharreko gauzak ere azpimarratu dituzte. Aurre egin beharreko “gaitzik garrantzitsuena” eraso sexistak direla esan du Asironek. Osotara 24 eraso erregistratu dituzte; horietatik hemezortzi ukituak izan dira. “Ez da Iruñeak daukan arazo bat, gizarte osoak aurre egin behar dioen arazo bat da”, esan du Asironek. Hala ere, kontent dira, guztira 23 pertsona atxilotu dituztelako; hau ia denak, eta koordinazio lana “oso ona” izan delako. Gogorarazi du ere, garraio publikoko gidari batek eraso bat identifikatu, autobuseko ateak itxi, eta polizia etorri arte zain egon zela. Horrez gain, bertan zeuden pertsonek erosotutako emakumeari babes osoa helarazi ziotela nabarmendu du ere: “Hori ez litzateke posible mugimendu feministak kontzientziatzeko egindako lanarik gabe”.

Hamaika eraso salatu dituzte Baionan

Ipar Euskal Herriko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak salatu duenez, Baionako bestetan hamaika eraso zenbatu dituzte; hala nola bortxaketa ahaleginak, eraso fisikoak eta ahozko erasoak.  

Horrekin batera, sare sozialetan masiboki zabaldu den bideo bat ere aipatu dute: “Juridikoki bortxaketa gisa kalifikatua izan ez den arren, onespenaren mugak hautsi eta emaztearen objektualizazio argi bat erakusten du”.

Itaiak gogorarazi du indarkeria matxistari aurre egiteko eta bortizkeriarik gabeko besta eta gizarte ereduak berrasmatzeko “Jatorrizko dominazio sistemak” identifikatzea eta horiei aurre egitea beharrezkoa dela: "Dominazioari errotik aurre egiteari uko egiteak, berekin dakar erasotzaileengandik babesteko ardura indibiduala pertsona zapalduengan uztea".