argia.eus
INPRIMATU
Asier Suberbiolak Iñigo Muguruza musikaren izena eta lana zabaltzeko ikerketa bekaren I. edizioa irabazi du
  • Asier Suberbiolak Iñigo Muguruza musikariaren izena daraman ikerketa bekaren I. edizioa irabazi du.

Irunero 2020ko azaroaren 12a

2019ko irailean Iñigo Muguruza zendu ostean, Irungo Udalak musikari irundarraren izena eta izana gogoratzeko ikerketa beka bat sortzeko erabakia hartu zuen. Guztira, lau proiektu aurkeztu ziren deialdira eta, azkenean, Asier Suberbiola musikari donostiarrak aurkeztutako proiektua izan da bekaren irabazlea.

Martxoan Irungo Udalak Iñigo Muguruza musika ikerketako beka sortu zuela iragarri zuen. Ikerketa beka zendutako irundarrak musikari eta Irungo Kontserbatorioan irakasle gisa egindako ekarpena oroitarazi eta zabaltzeko helburuarekin sortu da. José Antonio Santano Irungo alkateak azaldu duenez, “Irungo Udalak aho batez Iñigo Muguruzaren izena eramango zuen beka bat antolatzea adostu zuen”. Bekaren I. edizioa aurkeztu eta egun gutxitan estatu osoan alarma egoera ezarri zenez, proiektuak aurkeztu zein deialdiaren ebazpena jakinarazteko epeak atzeratu ziren. Alkatearen hitzetan, “bekaren bitartez Iñigo Muguruzaren izena eta Irun hiria betirako loturik geldituko dira”.

Ikerketa bekaren I. edizioan Asier Suberbiola donostiarrak aurkeztutako “Iñigo Muguruza somenerako ikasmateriala” proiektua izan da garaile. Rebeca González Hezkuntza Ordezkari eta Kontserbatorioko presidenteak adierazi bezala, “bekaren bitartez Iñigo Muguruzak musikari, interpretatzaile, konpositore eta irakasle bezala egindako lana errekonozitu nahi da”. EAEn azken lau hamarkadetan musika modernoarekin zerikusia izan duten gaiei buruzko ikerketa sustatu nahi du udalak. Irabazlearen izena jakinarazi ostean, musikari donostiarrak 8.000 euroko zenbatekoa irabazi ostean, zortzi hilabete barru aurkeztu beharko ditu lanaren emaitzak.

José Antonio Santano Irungo alkateak azpimarratu zuenez, Irungo Udalak ez dauzka beka asko. Izan ere, ikerketa beka berri hau sortu aurretik, Serapio Mugika eta José Antonio Loidi beka ziren udalak antolatutako beka deialdi bakarrak. Hirugarren beka honek ezaugarri ezberdinak dauzka. Hala ere, alkateak azaldu duenez, beka sortzea erabaki zenean Iñigo Muguruzaren izena zein mailatan kokatu nahi zuten argi eta garbi izan zuten.

Irungo Udaleko ordezkariek eta Jabier Muguruzak osatutako epaimahaiak aurkeztutako lau proiektuen artean irabazlea hautatzeko egindako aukeraketa lana eskertu dute. Hortaz gain, Pedro Martínez Kontserbatorioko zuzendariak proiektua aurrera ateratzeko egindako esfortzuari aipamen berezia egin diote. Pedro Martínezek alkatearen dei baten bitartez jaso zuen ikerketa beka martxan jartzeko enkargua. Jabier Muguruzak azaldu dunez, “familiaren izenean eskerrak eman nahi dizkiot proiektua enkargu bezala ulertu ordez, proiektu pertsonal gisa garatzeko erakutsitako jarrerarengatik”.

Zaletasun partekatuak

Iñigo Muguruzak eta Asier Suberbiolak musika ulertu eta bizitzeko modua partekatzen dute. Hain zuzen ere, Jabier Muguruza Iñigoren anaiak azaldu duenez, “Iñigoren bizitzak bi ardatz nagusi zituen: zuzeneko musika eta irakaskuntza”. Anaiaren bizitzan funtsezkoak izan ziren eta bi arlo horien inguruan eman zuen bere bizitza profesionala. Jabier Muguruzak onartu duenez, “Iñigo bi arlo horiek noizbait berreskuratzeko ilusioarekin bizi zen”. Iñigoren anaiak azpimarratu duenez familiarentzat oso pozgarria izan da Iñigo Muguruza bekaren I. edizioa martxan ikustea, batez ere osasun krisialdiak eragindako egoera berezia tartean harrapatu arren, azkenean deialdia aurrera ateratzea posible izan delako.

Jabier Muguruza, Iñigo Muguruzaren anaia

Asier Suberbiolak aurkeztutako proiektuak bi arlo horien uztarketa planteatzen du. Musikaren ikerketa bekaren I. edizioko irabazleak adierazi duenez, “Iñigo Muguruzaren unibertsoan sartzea prozesu naturala izaten ari da, txikitatik entzun dudan musika delako”. Suberbiolak onartu duenez, etxean anaiekin batera eta, beranduago, kalean lagunekin parrandan entzun izan ditu Iñigo Muguruzaren talde desberdinen abestiak. Gainera, bekaren I. edizioaren irabazleak errekonozitu duenez, zuzeneko musika eta irakaskuntza bere bi pasioak dira, kontserbatorioan biolin ikasketak egiteaz gainera, unibertsitatean pedagogia ikasketak burutu baitzituen.

Asier Suberbiolaren hitzetan, “nire lanaren bidez musika herrikoiari bere identitatea emateko lanketa egin nahi dut”. Bekaren irabazleak azaldu duenez, musika herrikoiari behar duen balioa eman nahi dio, momentuko egoerak aisialdiak eta bertan entzundako musikak nolako garrantzia duen erakutsi baitu. Proiektuak bigarren atalak kutsu pedagogikoa izango du, partituretatik harago, Iñigo Muguruzaren taldeen abestiak berrinterpretatzeko aukera eskaintzeko.

Horrela, musikariak musikaren bitartez belaunaldi ezberdinen arteko zubia eraiki nahi du, musika modernoaren garapenari buruzko “erradiografia” eginez. Jabier Muguruzak azaldu duenez, “bekak Iñigoren memoria bizirik mantentzen lagunduko du eta, hortaz gain, herri musikaren ikerketan ekarpen handia suposatzea espero dut”.

Musikari eskainitako bizitza

Iñigo Muguruza 2019ko irailaren 5ean zendu zen. Bere bizitzan zehar Kortatu, Negu Gorriak, Delirium Tremens edo Joxe Ripiau bezalako taldeetan gitarra-jotzaile gisa aritu zen. Hortaz gain, 25 urtez Irungo Udal Musika Eskolako gitarra elektrikoko irakasle lanetan aritu zen. Irungo Udalak ikerketa bekaren bitartez musikari irundarraren izena eta ekarpena aurrerantzean gogoratzea posible izango da.