argia.eus
INPRIMATU
Asier Nieblarentzat justizia eskatzeko elkarretaratzea egin dute
  • Astelehenean bete dira hiru urte Urnietako gaztea hil zela, gizon batek buruan emandako kolpeagatik. Donostian elkartu dira urteurrenean, eta eskatu dute Niebla indarkeria matxistaren biktimatzat hartzeko eta erasotzaileari genero astungarria ezartzeko.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 12a
Asier Nieblaren hilketagatik "justizia" eskatzeko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean.

Justizia Asierrentzat! Eraso matxista gehiagorik ez! lelopean elkarretaratzea egin dute Donostian, Asier Nieblaren senideek deituta. Hiru urte bete dira Urnietako 28 urteko gaztea hil zenetik, gizon batek buruan eman zion kolpearen ondorioz, eta "justizia" eskatu dute kontzentrazioan.

2018ko Donostiako Aste Nagusian izan zen erasoa, Parte Zaharrean. Niebla emakume batekin hizketan ari zen Perujuantxo kalean, eta andrearen bikotekide ohia "jelosiak jota" hurbildu zen eta buruan kolpe gogor bat eman zion gizonari. Ondorioz, lurrera erori zen konorterik gabe, baina erasotzaileak Niebla jotzen jarraitu nahi izan zuen; ingurukoek geldiarazi zuten. Larri zegoela ZIUn ospitaleratu zuten eta bi hilabetez koman egon ostean hil zen, urriaren 11n.

Indarkeria matxistaren biktima

Pasa den abenduan erasotzaileari 12 urte eta 11 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, giza hilketa delituagatik eta genero astungarria jarri zioten. Aldiz, ekainean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zigorra murriztu zion 11 urte eta erdira, genero astungarria kenduta. Auzitegiak argudiatu zuen indarkeria matxista izateko biktimak emakumezkoa izan behar duela derrigorrez.

Asier Nieblaren familiak salatu du ebazpen hori "bidegabea eta diskriminatzailea" dela, eta jakinarazi du duela bi aste helegitea aurkeztu zutela auzitegian. Epaiketa hasi zenetik eskatu zuten familiak zein Urnietako Udalak, akusazio partikular gisa, gizona indakeria matxistaren biktimatzat har zezaten, eta horretarako legea aldatzea proposatu zuten.