Martxoaren 29an abiatu zuen gose greba Asier Guridi Zaloña errefuxiatu politikoak Caracaseko (Venezuela) Espainiako Kontsulatuaren aurrean, nortasun juridikoa eskatzeko. Espainiako Estatuak ez dio nortasuna aitortu eta oinarrizko eskubideetara sarbidea murriztua dauka ondorioz.
Iazko abenduan beste gose greba bat egin zuen Guridik auzi beragatik, eta abenduaren 8an utzi zion grebari, Venezuelako Gobernuak "errefuxiatu estatusa" onartu baitzion. Baina venezuelar nortasunik ez dio onartzen Espainiako pasaporterik aurkeztu ezin duelako. Komunikabideetara zabaldutako oharrean azaldu zuenez, Espainiako Estatuak "nortasun juridikoa ukatzen" dio eta, ondorioz, oinarrizko eskubideak etenda ditu; lana bilatzeko, 13 urteko semea ordezkatu eta defendatzeko; elikatzeko, bozka emateko, ezkontzeko eta eguneroko bizitzan beharrezko diren bestelako tramite sinpleetarako, telefonoa bere izenean kontratatzeko, adibidez.
Egoera salatu eta irtenbidea eskatzeko gose greba mugagabea hasi zuen martxoaren 29an. Asteazkenean bete ditu 22 egun. Kontsulatuaren aurrean zegoelarik hainbatetan jazarri dutela ere salatu du Guridik sare sozialetan. Bestalde, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat norbanako eta eragilek elkartasuna helarazi diote Guridiri. Azken egunetan bera bisitatzen izan dira Walter Martinez Venezuelako kazetari ezaguna, Oscar Figuera Venezuelako Alderdi Komunistako idazkari nagusi eta Asanblea Nazionaleko diputatua eta beste hainbat lagun.
Guridik martxoaren 3an egin zuen Venezuelako herritartasuna lortzeko eskaera Venezuelako Atzerri ministerioko zuzendaritzan. Baina horretarako Espainiako pasaportea eskatzen diote, eta pasaportea eskuratzeko urratsak egin bazituen ere, Espainiako Estatuak ukatu egiten dio. Era berean, Espainiako Estatuak ez dio inolako agiririk ematen, ezta Aurrekari Penal eta Judizialen Agiria ere.
Horrez gain, 25 petro ordaintzea eskatzen diote (1.267 euro inguru) eta 2014tik dokumentaziorik gabe bizi den pertsona batentzat prezio altuegia dela dio. Horrez gain, langile publiko batek egiaztatutako agiri bat aurkeztea eskatzen diote, bizitzeko baliabide zilegiak dituela adierazten duena.
13 urteko seme euskaldun-venezuelarra Euskal Herrian bizi da egun, eta egoera irregularrean dagoela salatu dute, aitaren "nortasun juridikoa" bideratu gabe egotearen ondorioz. Era berean, Guridiren bikotekidea denak ezin du haien arteko lotura frogatu eta bera ere Euskal Herrian egoera irregularrean dago.
Asier Guridi Zaloñak adierazpen hauek egin zituen Twitterren: "Ez dut ezer onik espero Espainiako Estatutik, ohitua dagoena torturatzera, presoen eskubideak urratzera eta bere legeak haustera! Ez naiz espainola, ez naizelako espainol sentitzen. Espainiako Estatua da Euskal Herria okupatzen duena eta bere nortasuna inposatzen diguna. Espainiako Estatuarengana jotzera behartuta nago, nortasun juridikoa izateko eta horrela pertsona guztiok ditugun giza eskubideak izateko. Baina Espainiako Estatuak administrazioaren mendekua erabiltzen du, nortasuna ukatuz eta eskubideetara sarbidea trabatuz. (...) Ez dago epai judizialik niri nortasun agiria ematea eragozten duenik. Espainiako Estatuak ukatu egiten dit nire bizitza ezinezko egiteko xedez. Tortura zuri etenik gabe bat