argia.eus
INPRIMATU
Asier Ezeiza preso ohia berriz espetxeratzeko agindu dute
  • Hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri diote, Juan Priede PSEko zinegotziaren hilketan parte hartu zuten ETAko kideei laguntzea egotzita. Hamabi urte egin zituen preso, zigorra osorik beteta 2020ko maiatzean aske utzi zuten arte.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 04a
Hernaniarra 2020ko maiatzean geratu zen aske, zigorra osorik bete ostean. (Argazkia: Berria)

Asier Ezeiza Xaxi euskal preso ohia berriz espetxeratzeko agindu dute Espainiako auzitegiek. Oraingoan, Juan Priede PSEko zinegotziaren hilketan parte hartu zuten ETAko kideei laguntzea egotzita, hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri diote.

Hernaniarra 2008an atxilotu zuten ETAko kide izatea leporatuta, eta hamabi urtez egon da preso Frantziako espetxeetan. Auzitegi Nazionalean Ezeizaren aurkako bi prozesu zeuden irekita, eta horietako bat epaitzeko 2020 hasieran Espainiaratu egin zuten. Zehazki, 2003an ETAk Benidormen eta Alacanten egindako atentatu batzuekin lotu zuten, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen frogatutzat jo Ezeizak bertan parte hartu zuenik eta absolbitu egin zuen. Hala, 2020ko maiatzean aske utzi zuten, zigorra osorik beteta.