argia.eus
INPRIMATU
Asian eskean ibiltzen diren turista zuri horiek
  • Malaysia, Hong Kong edo Tailandia bisitatu, eta bidaiarekin jarraitu ahal izateko dirurik gabe geratzean, kale bazterrean eskean hasi. "Begpackers" delakoen fenomenoa geroz eta ohikoagoa da Asia hego-ekialdean. Turista zuriak eskean ikustea "bitxia" dela irizten diote hango herritar batzuek; errespeturik eza aipatuta, kritikoago agertu dira beste batzuk.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko apirilaren 21
"Dirurik gabe ari naiz bidaiatzen Asian. Lagundu, faborez", dio turista honen karteltxoak. / Rama Kulkarni

Sarra Grira kazetariak Les Observateurs webgunean plazaratutako kronikako argazkietako batean ikus daitekeenez, Hong Kongen dagoen turista batek, "dirurik gabe" bidaiatzen ari dela-eta, lagundu diezaioten eskatzen du. Beste bi irudiak Singapurren ateratakoak dira. Batean bikote bat ageri da musika jotzen; eta bestean, postaltxoak saltzen. "Munduan zehar egiten ari garen bidaia lagun ezazue", diote oinetan dauzkaten kartelek.

"Harrigarria iruditzen zaigu bidaiarekin jarraitu ahal izateko eskean ibiltzea", dio Maisarah Abu Samah gazteak. "Singapurren, eskean ibili edo kalean gauzak saltzea ez da errespetagarria. Hori egiten duten pertsonek benetako beharra dute. Jakiak erosteko, haien seme-alaben eskolatzea bermatzeko edo zorrak ordaintzeko ari dira eskean, eta ez luxuzko zerbait egin ahal izateko!". Dioenez, Singapurren jende gutxi aritzen da kalean eskean, jarduera hori arautzen duten arau zorrotzak daudelako. "Ikustekotan, hiri erdian ikusiko dituzu, eta ez klase ertaineko auzo bateko autobus geltoki batean".

"Zergatik ez duzu zure etxean gauza bera egiten?"

Louise K. emakume malaisiarrak ekonomia eta genero ikasketak ditu burutuak. Bere iritziz, Mendebaldearen eta Asiako kolonia ohien artean oraindik indarrean dagoen desoreka azaleratzen du jarrera horrek. "Jarrera mota honek agerian uzten du oraindik ere zenbat pertsonak begiratzen dion munduari ikuspegi orientalista batetik. Munduari begiratzeko modu bat zeinak exageratu eta distortsionatu egiten dituen 'ekialdeko' eta 'mendebaldeko' kulturen arteko desberdinatsunak. Asia ikusten dute deskubrimendu espiritualerako leku exotiko baten gisan".

"Horrek guztiak gure kontinentea karikatura bihurtzen du, abenturaz jositako lur mistikoa, beste hitz batzuetan, zurientzako haur-parkea. Autodeskubrimendu bidaian dator jendea hona, esperientzia exotikoak bizitzeko irrikitan. Batzuetan, zera galdetzea gustatuko litzaidake: Zerk eraman zaitu jarrera hau Asian normala dela pentsatzera? Zergatik ez duzu zeure etxean gauza bera egiten?".

Bere hitzetan, fenomeno honek agerian uzten du hegoalde globaleko turismo-industria izugarri kaltegarria dela, eta 'basati zintzoaren' mitoa hauspotzen duela, koloreko pertsonaren estereotipoa, adeitsua eta asmo onekoa dena, baina behartsu eta ezjakina, helburu bakartzat duena gizon zuria zerbitzatu eta bere herrialdera ongi-etorria ematea".

[Les Observateurs webguneko artikulua gaztelaniara itzuli du Pedro Perez Galdosek Borroka garaia da! blogerako]