argia.eus
INPRIMATU
Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan
  • Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea, bioaniztasuna sustatzea eta jolaserako eta heziketarako baliabide izatea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko otsailaren 27a
Argazkia: Remontival

Eguzkiak bete-betean berotzen zuen asfaltoa, eta hotza ari zuelarik, babesik ez zegoen patioan. Orain, beroa egiten duenean freskatzeko eta hotz handitik babesteko soluzio naturala du jolastokiak: asfaltoaren ordez lurra jarri eta bertako 40 zuhaitz landatu dituzte (haritza, artea, makala, astigarra, intxaurrondoa, basaka eta ezkia), 40 zuhaixka (gurbitza, erramua, abeldarra eta photinia), eta 80 landare aromatiko eta lore-haztegi (erromeroa, izpilikua, salbia eta gaura). Erliebe ezberdinak dituen zelaia da, esertzeko hiru bankurekin eta drainatze-jasangarrirako ureztatze sistemarekin.

Landatze fasean parte hartu dute ikasleek. Ez alferrik, patioak helburu hezitzailea izatea eta edozein ikasgairen osagarri izatea ere nahi du ikastetxeak. Klima-egokitzapena oinarri duen patioak psikomotrizitatea bultzatzea ere badu xede, jolasaren bidez.

Berdeguneen garrantziaz jabeturik, gero eta eskola gehiago ari da ikastetxeko kanpo-espazioetan natura txertatzen, eta adibide argia da hau. Patio berria Ametz Garcia eta Nora Solano eskolako ikasleek inauguratu dute, udaleko ordezkariak ondoan dituztela.