argia.eus
INPRIMATU
Asel Luzarragaren kontrako muntaia bere azken liburuaren ardatz
  • Asel Luzarraga idazleak Los buenos no usan paraguas. Desmontando un montaje; desnudando al Estado. (Zintzoek ez dute aterkirik erabiltzen. Muntaia bat desmontatuz; Estatua biluztuz ) bere aurkako salaketa, atxiloketa eta bizipenak biltzen dituen liburua aurkeztuko du urriaren 8an, asteartearekin.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 03a
Asel Luzarragaren azken liburuaren azala.

Luzarraga idazle Bilbotarra Argentinan barna ibili ostean, 2009an Txilera bizitzera joan zen. Horrela, besteak beste, maputxeen egoera bertatik bertara ezagutu eta herri horrek pairatzen duen zapalkuntza salatu zuen. Urte horretan bertan, Txileko poliziak atxilo hartu zuen, Temuco hirian izandako atentatu saiakera batekin zerikusia zuela leporatuta. Akusazio horren errugabetasuna frogatua, etxean lehergaiak egiteko materiala izatea egotzi zioten eta kartzelan denbora bat pasa ondoren, Txiletik kanporatua izan zen.

Epaiketa prozesuan nazioarteko elkartasun kanpaina eta babes handia jaso zuen Luzarragak. Herri maputxeei adierazitako gertutasunagatik, Txileko Gobernuak  Luzarraga jazarri zuela salatu zuten. Haren lagun eta senideek adierazi zutenez argi zegoen Luzarraga kanporatzea bilatzen zuela Txileko Gobernuak.

Liburua Euskal Herrian idatzi du baina bideo-konferentzia bidez Txilen eginen du aurkezpena, Volnitza Etxean. Bertan izanen dira Jaime Madariaga abokatua eta Víctor Muñoz historialaria liburuaren testuingurua eta prozesu judiziala azaltzen.