argia.eus
INPRIMATU
AsCATasunera!
Kataluniako prozesu independentistari hauspoa emango diote Gasteiz, Iruñea eta Donostian
  • Festa eta aldarrikapena uztartuko ditu Ascatasunera​ herri ekimenak hilaren 11tik 24ra bitartean prestatu duen egitarauan. “Kataluniako prozesu independentistaren azken txanpan askatasuneranzko bide horri begirune eta babes osoa” erakusteko antolatu dute.

Axier Lopez @axierL 2017ko irailaren 08a
Irailaren 8an Intxaurrondon egin duten prentsaurrekoan azaldu dute egitaraua

Kataluniako prozesua eredugarria dela iritzita, eta "herritar katalanek hartutako adorea, irudimena eta konpromisoak” hauspotuta, Euskal Herriko hainbat herritar elkartu eta AsCATasunera! herri ekimena sortu dute.

Katalanak independentziara irits daitezen “laguntza eta maitasuna” bidali nahi dizkiete Euskal Herritik eta horretarako datozen bi asteetarako egitarau zabala prestatu dute. Diadarekin batera hasiko dira Gasteizen (11tik 15era), ondoren Iruñean jarraituko dute (13tik 22ra) eta azkenik Donostiara (20tik 24ra) etorriko dira. Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte: buruzagi independentisten hitzaldiak, bideo emanaldiak, musika talde euskaldun eta katalanen kontzertuak, Herrialde Katalanetako jan eta edana dastatzeko txokoak, besteak beste.

Aste osoko festa Donostiako Intxaurrondon
Intxaurrondoko Sagastieder plazan karpa paratuko dute irailaren 20tik 24ra. Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko kultura eta gastronomia uztartuko dituzte, beste hainbat ekitaldirekin batera:

• Martxelo Otamendik gidaturiko solasaldia, Victor Terradellas (Artur Masen aholkulari izandakoa eta Fundació CATmón-eko presidentea) eta Monica Terribasekin (Televisió de Catalunyako zuzendari ohia eta Radio Catalunyako esataria)

• Gatibu, Zoo, Estrombers eta Bad Sound System taldeen kontzertuak

• Bertsolari eta glosadoreen emanaldia, Maialen Lujanbio eta Jon Maiarekin

• ERCko eta CUPeko hizlarien mitinak

• Cul de Sac talde tradizionalaren musika hiru egunetan

• Manresako Fot-li-Foc Gatzara taldeko diablesak...

Ekimenaren Facebookean dago egitarau osoa xeheago azalduta: https://www.facebook.com/Ascatasunera-683554941838097/