Pasa den azaroaren 7an, Frantziako Kopako partida ez jokatzea erabaki zuten AS Baionako emakumeen errugbi taldeko jokalariek, Elite 1 mailako gainerako taldeekin alderatuta baliabide gutxi dutela eta taldeko arduradunek euren eskaerak aintzat hartzen ez dituztela azalera ateratzeko. Hamar egunera, eskaerei erantzun beharrean, taldea txapelketatik erretiratzea erabaki du klubeko zuzendaritzak.
ASBren zuzendaritza batzordeko hemeretzi kidek bozkatu dute asteazkenean taldearen sasoia amaitzearen alde. Hemezortzik bozkatu zuten kontra, eta batek zuri, Berriako kazetari Edu Lartzangurenek dioenez.
"Ez da zigorra, nahiz eta klubeko kideek gaizki hartu", adierazi du Gilles Peynoche klubeko presidenteak France Bleu irratian. Halaber, hausnartzeko eskatu die bai Frantziako Errugbi Federazioari baita Baionako Udalari ere: "Elitean egoteko, piramide bat behar da. Piramidea formakuntza da, hezkuntza da".
Hain justu, ASB taldeko zuzendaritza Udaleko eta Federazioko ordezkariekin biltzekoa da, azaroaren 23an, France Bleu irratiak jakinarazi duenez, taldearen eta oro har emakumezkoen errugbiaren orainaz eta geroaz hitz egiteko, klubaren finantzaketaz tartean. Izan ere, klubaren aurrekontuaren (300.000 euro) %20 baino gehiago (66.000 euro) Udalak jartzen du, emakumeen kirola bultzatzera bideratua hein handi batean. Bestalde, Frantziako Federazioak urgentziazko bilera egingo du ostegun iluntzean.
Bere aldetik, Provale errugbi jokalarien sindikatuak ASBko zuzendaritzaren erabakia "tamalgarria" dela adierazi du, eta jokalariekin harremanetan dagoela, arazoari konponbidea topatze aldera.