argia.eus
INPRIMATU
Asaldura eragin dute Xistor Haranburu kartzelan atxikitzeko erabilitako argudioek
  • Xistor Haranburu euskal preso politikoak kartzelan jarraituko duela erabaki du asteartean Frantziako Zigorren Aplikaziorako Tribunalak. Erabakia hartzeko erabili dituen argudioek asaldura eragin dute euskal presoen eskubideen aldeko kolektiboen artean.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 09a
Xistor Haranburuk kartzelan jarraituko duela jakin ostean, elkarretaratzea egin zuten Senperen (argazkia: Bakearen Artisauak).

1990. urtean bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten Xistor Haranbururi, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parotekin batera. Dagoeneko betea du kartzelan egoteko segurtasun epea eta 2008. urtetik kalera ateratzeko aukerak zituen. Horretarako egin zuen aurreko eskari bat baztertua izan ondoren, aurtengo uztailaren 5ean Frantziako Zigorren Aplikaziorako Tribunalak onartu zuen Senpereko presoaren defentsak kaleratzea eskatuz egindako bigarren eskaria aztertzea.

Baina berehala, fiskalak helegitea jarri zuen, Haranburu aske geratzea oztopatuz. Astearte honetan berriz, tribunalaren ebazpena ezagutu da: kartzelan jarraitu beharko du.

Erabaki hori hartzeko epaitegiak erabili dituen argudioen artean esaten da 65 urte dauzkan presoa kalera ateratzeak “ordena publikoarentzat arriskua” ekarriko lukeela. Bakearen Artisauek asteartean Twitter bidez informatu zutenez, epaitegiak dio Haranburuk aurretik egindako delituak berriz egiteko arriskua dago –oso gertagaitza den zerbait, ETAk bere jardun armatua bertan behera utzi zuela kontuan hartuta–.

Erabakia eskandalagarritzat hartu dute euskal presoen eskubideen alde diharduten kolektiboek. Ebazpena ezagutu eta berehala, elkarretaratzea deitu zuten Senperen: 120 lagun inguruk bat egin zuten “Xistor askatu” zioen pankarta baten atzean astearte arratsean Lapurdiko herrian.